TXINGUDI RUGBY TALDEAK AURREDENBORALDIA HASI DU
Errugbia

TXINGUDI RUGBY TALDEAK AURREDENBORALDIA HASI DU

Pasa den denboraldiko helburuei eutsiko die klubak, berritasun batzuekin

Txingudi Rugby Taldea 2024/25 denboraldia prestatzen ari da dagoeneko. Abuztuaren 1ean hasi zituzten entrenamenduak gizonezko seniorrek eta abuztuaren 5ean berriz, maila bereko emakumeek. Pasa den ikasturteko helburu beretsuak izanen dituzte aurten bi talde nagusiek, baina berritasunekin.

2023/24 denboraldian Euskal Ligan debuta egin zuen Biok Txingudi taldeak, emaitza ezin hobeekin. 2022/23 ikasturtean hasi ziren emakume seniorren talde bat martxan paratzeko helburuarekin eta urte baten buruan lortu zuten. Aurten berriz, taldeak aurrerapausu bat eman nahi du txapelketa honetan, Asier Gonzalez Araña entrenatzaileak aipatu bezala: “Pasa den denboraldian gure maila zein zen ikusi nahi genuen eta, lan txukuna egin bagenuen ere, gehiago lortu genezaken sentsazioarekin amaitu genuen. Aurten, berdin mantendu nahi dugu, hortik gora egin eta goiko postuetan egon”. Pasa den urteko lanari segida emateko, Gonzalez bera eta Alejandro Lasa Aguirre izanen dira aurten ere taldearen entrenatzaileak eta Patxi Artola Ferranek lagunduko die aitzinean aritzen diren jokalariekin.

Taldea osatzeko harrobia lantzea ezinbertzekoa izan dela adierazi dute entrenatzaileek ere. “Jokalari asko gerturatu zaizkigu azkenengo hilabetetan, batzuk esperientzia dutenak eta beste asko gabekoak, eta denak geratu dira. Talde giro ona izatea zen gure helburuetako bat eta hau lortu dugunaren seinale da”, adierazi du Gonzalezek. Taldekide berri bat ere izanen du Biok Txingudik aurten, Sandra Ramos Diez. 2024ko urtarrilean klubera ailegatu zen eta aurten debuta egitea espero dute. Ramosek berak erran duenez, gustura sentitzen da taldean eta gogotsu dago denboraldia hasteko: “Giroa apartekoa da, jokalari berriak taldearen parte sentiarazi gaituzte hasieratik eta ilusioz eta gogo handiekin hasi ditugu entrenamenduak”.

Oraindik zehaztu gabe dago zein izanen den emakumeen ligaren formatua, baina taldeak pasa den urtean lortutako esperientziarekin eta barne-kohesioarekin denboraldi polita egitea espero dute.

Zaisa Txingudik hiru laurdeneko entrenatzaile berria izanen du

Zaisa Txingudi ere lanean hasi da dagoeneko. Aurten ere Zaisa izanen da taldearen babesle nagusia eta Iñigo Camarero Tausek segitu du entrenatzaile lanetan. Hala ere, laguntzaile berria izanen du, hiru laurdeneko entrenatzailea izanen dena, Leire Muñoz Cao. Muñoz Txingudiko harrobian hezi zen eta ondotik, Hernani, Valladolideko El Salvador eta Eibarretik pasatu zen. Pasa den denboraldian Plaiaundira bueltatu zen emakumeen talde berrian jokatzeko eta aurten, hori egitea gain, gizonen taldeko hiru laurdenen prestaketan arituko da. Dagoeneko lanean hasi da taldearekin eta harrera ona izan duela azpimarratu du: “Gogotsu nago denboraldi berri honekin, taldearen harrera oso ona izan da eta, denboraldiaurrearekin gaudenez, fisikoa lantzen ari gara gehien bat eta jokalari bakoitzaren baldintzak eta beharrak ikusten ari naiz”.

Jokalarien artean ere aldaketak egonen dira, zenbait jokalari bueltatu eta bertze batzuk joanen direlarik. Plaiaundira bueltatuko direnen artean, Iñaki Cano Shab, Joao Costa Valente, Unai Herrero Gómez, Keoma Pacheco Fillweber, Luciano Echevarria Román eta Oier Arribillaga Ubiria daude. Horiez gain, Odín Gutiérrez Gamíndez 18 urtez azpiko taldetik igoko da eta Pablo Besgak eta Imanol Rodríguezek ere kamiseta beltza jantziko dute.

Edonola ere, taldeak zenbait baja ere izanen ditu. Teo Arruti Bernadet, Javi Paredes Andia, Unax Domínguez Elgezabal, Lander Vielba Gómez, Asier González Araña eta Andoni Quiñones González jokalariek errugbia utziko dute. Bertze batzuek ordea, bertze taldeetan jokatuko dute aurten: Alejandro Lasa Aguirrek (Stade Hendayais), Adur Manterola Zapiainek (Atletico San Sebastian) eta Roman Solis Etxegoienek (AS Urrugnarrak).

Hainbertze aldaketekin aurtengo denboraldia ere transiziozkoa izanen dela argitu du Camarero entrenatzaileak: “Pasa den denboraldia transiziozkoa izan zen eta aurtengoa ere ildo beretik joango dela esan dezakegu. Partida bakoitza disfrutatzea eta ahalik eta gehien irabaztea da gure helburua, ligako sailkapenak gugan eraginik izan ez dezan saiatuz”. Hala ere, goiz da oraindik helburu zehatzak finkatzeko, Camareroren hitzetan “behin jakinda jokalariak zein egoeran dauden, baloratuko dugu zein izan daitekeen denboraldiko helburua”.

2024/25 denboraldiko aurkariak oraindik ez dituzte ezagutzen, baina hainbat filial izanen direla aurreikusten dute. “Zaila da gure mailan partidak prestatzea, baina are gehiago bigarren talde baten aurka jokatzen duzunean. Dena den, ez dugu ezer aurreratu nahi eta buru belarri gabiltza gure prestaketan”, azaldu du prestatzaileak.

ERRUGBI TXAPELKETA OSPATUKO DUTE HONDARRIBIAKO HONDARTZAN
Errugbia

ERRUGBI TXAPELKETA OSPATUKO DUTE HONDARRIBIAKO HONDARTZAN

Txingudi Rugby Taldeak antolatutako hitzordua izanen da eta uztailaren 6an eginen da

Txingudi Rugby Taldeak zazpigarren aldiz antolatu du...

TXINGUDI RUGBY KLUBAK BERE EGUNA OSPATUKO DU BIHAR
Errugbia

TXINGUDI RUGBY KLUBAK BERE EGUNA OSPATUKO DU BIHAR

Plaiaundin elkartuko dira adin guztietako errugbilariak arratsaldean partiduak jokatzeko

Denboraldia bukatuta, eta hau bera ospatzeko, Txingudi...

BIOK TXINGUDI EUSKAL LIGAKO B MULTZOKO TXAPELDUNORDEA
Errugbia

BIOK TXINGUDI EUSKAL LIGAKO B MULTZOKO TXAPELDUNORDEA

Txingudi Rugby Klubeko taldeak ezin izan zuen Sarako Izarra garaitu eta bigarren postuan bukatu du senior mailako bere lehen denboraldia

Ligako...

BIOK TXINGUDIK DENBORALDIKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ASTEBURUAN
Errugbia

BIOK TXINGUDIK DENBORALDIKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU ASTEBURUAN

Ligako B multzoko lider moduan buka dezake modu ofizialean lehiatu duen lehen denboraldia

Biok Txingudik bukaera emanen dio asteburu honetan Ligari....

TXINGUDI/BAZTAN TALDEA GIPUZKOAKO B MULTZOKO TXAPELDUNA
Errugbia

TXINGUDI/BAZTAN TALDEA GIPUZKOAKO B MULTZOKO TXAPELDUNA

Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko taldeak ezin hobe bukatu du denboraldia

Txingudi Rugby Klubeko 14 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika