REAL UNIONEK GARAIPENA LORTU ZUEN ETXEN JOKATUTAKO LEHEN JARDUNALDIAN
Futbola

REAL UNIONEK GARAIPENA LORTU ZUEN ETXEN JOKATUTAKO LEHEN JARDUNALDIAN

Celta Fortuna taldeari 3-2ko markagailuarekin irabaztea lortu zuen talde txuribeltzak, jardunaldiko hiru puntuak osorik bereganatuz

Real Unionek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen atzo, Stadium Galen jokatzen zuen lehen partiduan. Celta Fortuna izan zuen aitzinean eta neurketa borrokatu bat izan bazen ere, azkenean, 3-2ko markagailuarekin galiziarrak menderatzea lortu zuten txuribeltzek. Jardunaldiko hiru puntuak bereganatuta, sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da Mikel Llorenteren taldea.

Zaleen aitzinean itxura ona emateko helburu garbiarekin zelairatu zen Real Union Stadium Galen eta hasieratik hasi zen borrokan. Laugarren minutuan izan zuen dagoeneko lehen aukera, Obietaren bitartez, baina Marc Vidalek ongi gelditu zuen baloia. Celta Fortuna saiatu zen ondoren eta bi aukera garbi izan zituen lehen ordu erdian, biak ere Charly Perezek ongi geldituak. Horrela, hutsean berdinduta ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira.

Aldageletatik pasatu ondotik, jokoak bertze norabide bat hartu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala, Escobarrek penaltiz gola sartu eta galiziarrak markagailuan aitzinetik jarri zituen. Edonola ere, etxekoek ez zuten amore eman eta 65. minutuan, Santosen erdiraketa ongi aprobetxatu zuen Aranzabek eta banako berdinketa ezarri zuen emaitzan. Hamar minutu beranduago ordea, galiziarrek bigarrena sartu zuten, Emiliori esker. Real Unionek lanean segitu zuen eta 82. minutuan, Sergio Benito izan zen binako berdinketa jartzearen arduraduna. Garaipena lortzeko helburu garbiarekin segitu zuen etxeko taldeak eta neurketa bukatzeko sei minutu gelditzen zirenean, Berto Cayargak hirugarren eta azken gola sartu zuen eta 3-2ko behin-betiko markagailua erdietsi zuen.

Emaitza honekin, garaipena lortu zuen Real Unionek, denboraldiko lehena eta etxean jokatutako lehen partiduan ere. Lau punturekin guztira, sailkapeneko bostgarren postuan kokatu da talde txuribeltza. Honen ondotik, dagoeneko lanera bueltatu dira jokalari eta teknikariak heldu den asteburuan izanen duten neurketari begira. Heldu den larunbatean, irailaren 7an, Taxoarera joanen da taldea, Osasuna Promesas taldearen kontra lehiatzeko, 17:30ean.

(Argazkia: Barbara Duarte Fotografia)

Mikel Llorente entrenatzailea eta Aitor Aranzabe jokalaria:

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika