NAFARROAKO LIGARI HASIERA EMANEN DIO DONEZTEBEK ASTEBURUAN
Futbola

NAFARROAKO LIGARI HASIERA EMANEN DIO DONEZTEBEK ASTEBURUAN

Aibares bisitatuko du Preferente mailako taldeak lehen jardunaldia jokatzeko

Nafarroako Ligako taldeak asteburu honetan hasiko dira lehian. Lehen maila autonomikoko Baztanen, baita Preferente mailako Donezteben, kasua izanen da hori. Baztanek etxean hasiko du denboraldia, San Adrianen kontra, bihar 18:00etan. Doneztebek berriz, Oibarrera bidaiatuko du lehen jardunaldia jokatzeko, Aibaresen kontra ariko da, bihar ere eta ordu berean. Azken hauen entrenatzaileak, Gorka Labordak, aurredenboraldiko balorazioa egin du, lehen jardunaldiaren atarian.

Aurtengo denboraldian ailegatu da Gorka Laborda Nafarroako Ligako Preferente mailako Doneztebe taldera. Lehen entrenatzailea izanen da, Oier Beltran bigarren entrenatzailearen, Eduardo Vertiz atezainen entrenatzailearekin eta Joel Gil koordinatzailearen laguntzarekin. Labordak aurredenboraldiko prestaketak ongi joan direla erran du, eta jokalarien jarrera ona ere azpimarratu du. Taldean, entrenatzailea bezala, jokalari berriak ere badaude aurtengo denboraldian, nahiz eta gehiengoak pasa den urtetik mantentzen diren eta guztiak ongi egokitu direla aipatu du Labordak.

Lagunartekoak ere jokatuko dituzte aurredenboraldian zehar, eta emaitza onak bildu dituzte horietan. Hondarribiaren kontra 1-2 irabazi zuten, baita Soto Ibarbaso taldearen kontra ere, 3-1eko markagailuarekin. Lesakako Beti Gazteren kontra garaipena eskuratu zuten (0-2) eta Oberenaren kontra bana berdinduta bukatu zuten. Azkenik, pasa den asteburuan, Mutilvera Cren kontra bertze garaipen bat erdietsi zuen taldeak, 3-0eko markagailuarekin. Hala ere, sentsazioak dira kontuan hartu beharrekoak eta horiek ere positiboak izan direla aipatu du Labordak.

Aurtengo denboraldirako helbururik ez ditu jarri nahi entrenatzaile berriak. Oraindik ere horretarako goiz dela aipatu du eta aitzinerago ikusiko dutela zein lekutan kokatzen den taldea.

Asteburu honetan hasiko du Liga Doneztebek. Etxetik kanpo arituko da lehen jardunaldian, Oibarren hain zuzen ere, bertako Aibares taldearen kontra. Larunbatean izanen da partidua, 18:00etan. Lehen garaipena eskuratzeko taldeak lan txukuna egin behar duela aipatu du prestatzaileak, baina gaineratu du lehia hasteko gogoz daudela. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika