MIKEL ORBAÑANOS:
Arrauna

MIKEL ORBAÑANOS: "ARERIO GOGORRAK DITUGU, BAINA GURE MAILA EMATEN BADUGU, UDA BUKAERARA GARAIPENETIK HURBIL IBILIKO GARA"

Hondarribia Arraun Elkarteko bi ontzi nagusiek bihar emanen diote hasiera denboraldiari Galizian

Hondarribian bere 23. denboraldia du entrenatzaileak, Ama Guadalupekoa eskifaiako Manex Aldai arraunlariak bezala. Paladak ematen gehienak harrobikoak izanik, herrian jaiotako 12 arraunlarirekin ekingo diote EuskoLabel Ligari Galizian. Ilusio handiz baina «hankak lurrean» eta «estropadaz estropada». EuskoTren Ligan ere, neskek uda ilusionagarria dute aurretik, aldaketa askorekin baina sasoi onean iristen direla esan digu Iker Cortesek.

Arraunketa denboraldia hasiko da larunbata honetan Galizian, A Coruñako uretan. Gaur goizeko 9:00etan abiatu dira Hondarribiko arraunlari neska-mutilak Galizirako bidean autobusez, eta ilusioz beterik. EuskoLabel Ligan, bere 23. denboraldiari ekingo dio Ama Guadalupekoan Mikel Orbañanos entrenatzaileak. «Urte asko dira, egia esan ematen du atzo etorri ginela honera, baina seinale ona da eta berriz ere ilusio handiarekin», azpimarratzen digu udako aurreneko bidaia hasi aurretik. Ilusioaren izpiritua eskifaiari kutsatu dio.

Eta itxuraz ondo dabiltza arraunlariak. Udaberri honetan, Gipuzkoako Txapelketa bosgarren urtez jarraian irabazi dute, eta Euskadi eta Espainiako txapelketetan brontzezko domina eskuratu du Ama Guadalupekoak. Bermeo eta Zierbena hobeto dabiltzala erakutsi zuten, baina estropada eremu fidagarriekin eta itsaso baldintza hobeagoekin egoera parekatuko delakoan dago Orbañanos. Eskarmenturik ez du falta, eta dioenez, «arraunlariek badakite denboraldia luzea dela, eta helburua orain ondo hastea behar duela izan». Galiziatik bizirik bueltatzea, alegia.

Denboraldiko helburuei dagokienez, xumetasunez jokatzen du Hondarribia Arraun Elkarteak beti. «Hitz egitea dohainik da, eta esan genezake dena irabaztera goazela, baina gure lan egiteko modua da hankak lurrean izatea», dio trebatzaileak, baina kontziente da zailtasunetaz, «arerio gogorrak ditugula dakigu, eta gure lana txukun egin behar dugu, eta horren arabera estropadaz estropada joan».

Zentzu honetan, iazko denboraldiako martxa berdinean ibili nahiko luke. «Ohorezko txandan sartu eta sendotu, eta udara bukaera arte bizirik mantentzeaz gain, gure maila ematen badugu lehia garrantzitsuenetan garaipenetik hurbil ibiliko gera», dio Orbañanosek. Hala, Bermeo, Zierbena edota Donostiarra indartsu dabiltzan arren, Hondarribiak ere bere aukerak bilatuko ditu, Galiziatik hasita.

Euskotren Liga

Nesketan, aldiz, Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarra dira faborito. Baina Euskotren Ligan lan txukuna egin nahi dute neskek aurtengoan ere. Eskifaian aldaketa asko egin dituzte negu honetan, eta ikustekoa da Galiziako A Coruñako uretan nola moldatuko diren. Itsaso zakar eta aldrebesa izanik, beti baita gogorra. Halere, Iker Cortes entrenatzaileak konfiantza egiten du bere nesketan. «A Coruñakoa estropada eremu bihurria da, olatuak trebeska datoz eta haizearekin, baina han egin ditugun estropada guztiak orain arte ondo atera zaizkigu beti», dio. Lasai dago Iker Cortes, negu osoa ondo entrenatuko dutelako, eta sasoi onean iristen direla aitortzen du.

Iaz bezala, beren tanda irabazi eta faboritoekin aritzeko erronka markatzen du helburuetan. Izan ere, bere abaguneak izango dituztelakoan dago nesken entrenatzailea. «Une honetan Arraun indiskutiblea da, baina beste guztiak asekibleak ikusten ditut, gertu ibili gara, eta edozein txanda eta haize aldaketekin irabazi ditzakegu», dio Cortesek. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika