BETI GAZTEKO OHOREZKO ERREGIONAL MAILAKO EMAKUMEEK DENBORALDIA HASIKO DUTE BIHAR
Futbola

BETI GAZTEKO OHOREZKO ERREGIONAL MAILAKO EMAKUMEEK DENBORALDIA HASIKO DUTE BIHAR

Urola taldea bisitatuko dute irailaren 20an, 19:30ean, 2024/25 denboraldiko lehen jardunaldia jokatzeko

Gipuzkoako Ligan ari den Beti Gazteko Ohorezko Erregional mailako emakumeen taldea prest dago 2024/25 denboraldiari hasiera emateko. Aurredenboraldiko lanak eginda, asteburu honetan jokatuko dute lehen jardunaldia, zehazki ortzirale honetan (irailaren 20an), 19:30ean, Urola taldearen kontra.

Ainara Otxoteko bigarren entrenatzaileak aipatu duenez, aurtengo taldea dezente aldatu da. “Jokalari batzuk talde utzi egin dute, arrazoi ezberdinengatik, baina Oiartzundik bertze sei jokalari etorri dira eta horiek osatu ahal izan dugu taldea”. Azkenean, arazoak gaindituta, talde lehiakorra eta atsegina lortu dutela ere aipatu du eta aurredenboraldiko prestaketak ongi joan direla. Antiguokoren kontra lagunarteko bat jokatu zuten, indarrak neurtzeko. Lesakarrek galdu egin bazuten ere, “talde kohesionatu” baten moduan aritu zirela jakinarazi du Otxotekok eta alde horretatik, pozik gelditu zirela egindako lanarekin.

Aurtengo denboraldiari begira, taldea ia berria delako, poliki-poliki martxa hartzea izanen da helburu nagusia, baita zelaietan euren maila emateko gai izatea. Horretarako lehen aukera ortzirale honetan bertan izanen dute, irailaren 20an. Urola bisitatuko dute, 19:30ean, eta Otxotekok berak aipatu duenez, “lagunartekoan emandako itxura bera” eman nahi dute denboraldiari hasiera emateko. 

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika