ALEX MOZAS: “ONGI EGITEN DIREN GAUZAK APROBETXATU ETA INERTZIEKIN HAUTSI NAHI DUGU”
Eskubaloia

ALEX MOZAS: “ONGI EGITEN DIREN GAUZAK APROBETXATU ETA INERTZIEKIN HAUTSI NAHI DUGU”

Alex Mozas izanen da heldu den denboraldiko Bidasoa Irungo entrenatzailea eta Javi Campo, Nacho Torrescusa eta Jorge Martinezekin batera lan eginen du

CD Bidasoak 2024/25 denboraldiko talde tekniko berria aurkeztu zuen atzo, ekainaren 12an, Palmera Montero gunean. Horretarako, Irunera etorri ziren heldu den ikasturtean lehen taldeko entrenatzaileak eta prestatzaileak izanen direnak: Alex Mozas lehen entrenatzailea, Javi Campo bigarren entrenatzailea eta harrobiko koordinatzailea, Nacho Torrescusa prestatzaile fisikoa eta Jorge Martinez atezainen entrenatzailea.

Gurutz Aginagalde CD Bidasoako presidenteak hasiera eman zion atzo egin zuten talde tekniko berriaren aurkezpenari. Zuzendaritzam dagoenetik, izan dituzten etapa desberdinak azaldu zituen banaka. Lehen etapako aitzinpausu garrantzitsuena “profesionalismora” pasatzea izan dela azpimarratu zuen. Horretarako, “babesle pribatuekin, harrobiarekin eta lurraldeko talentuarekin” lanean hasi zirela aipatu zuen. Gainera, bulegoan langile gehiago gehitu zituzten eta horrek lana erraste egin zuela ere oroitarazi zuen.

Bigarren etapa berriz, “pabiloi berriaren eraikuntzak” markatuko duela onartu zuen. Kirol eta gizarte arloetan handitu egin nahi dutela ere jakinarazi zuen: “Kiro arloan momentu onean gaude eta plantilla gehiena mantendu dugu. Klubak osasun ona du eta jokalariek ez dute hemendik alde egin nahi. Alderantziz, erakargarriak gara jokalarientzat. Gizarte arloan, esperientzia oso bat eskaini nahi dugu, ez eskubaloi partidu bat soilik. Zaleak erakurri nahi ditugu eta hori pabilioi berriarekin ere uztartuko dugu”.

Azkenik, kluba “inflexio puntu batean” dagoela adierazi zuen Aginagaldek eta horregatik beragatik, “ilusioz” lanean ari direla eta jasotzen ari diren “feedback-a ere ona” dela. ASOBALen “erreferentzia” direla erran zuen eta beraz, egiten ari diren lana ona izaten ari dela, nahiz eta oraindik ere “hezteko” tartea duten.

Talde tekniko berriak forkamuntza arlo guztiak beteko ditu

Gorka Wamba lehen taldeko kirol arduradunak azken urteetan emandako aitzinera pausuak ere azpimarratu zituen. Poliki-poliki formakuntzarako lan talde oso bat sortu du Bidasoak eta horri segida eman nahi diotela aipatu zuen. Lurraldeko talentuarekin lan egin nahi zutela argi izan du zuzendaritzak hasieratik eta horretarako, hainbat aldaketa egin dituzte. Lehenik, Hondarribia Eskubaloia taldearekin batu zen Bidasoa. Ondotik, Borja Burguete sartu zen lantaldera harrobiareko zuzenean eta modu eraginkorrean lan egiteko. Azken denboraldian gainera, Julen Aginagalde ere batu da kirol zuzendari gisa, profesional mailan kalitatezko jokalariak lehen taldera ekartzeko. Orainera begira, talde tekniko berri hau ekartzea izan da azken erabakia, “klubeko arlo guztietan formakuntza eskainiko dutenak eta, etorkizunera begira, puntu garrantzitsu bat izanen dena”.

Mozasek, Campok, Torrescusak eta Martinezek osatuko dute talde teknikoa

Julen Aginagalde kirol zuzendariak talde tekniko berria aurkeztu zuen. Alex Mozas izanen da Bidasoa Irungo lehen entrenatzailea. Torrelavegatik dator Mozas eta azken sei urteetan, Zilarrezko mailatik ASOBAL Ligara eta Europako Txapelketara eraman du taldea. Aitzinetik ere, Alcobendas taldea Zilarrezko mailatik ASOBAL Ligara igo zuen Mozasek. Horrez gain, jubenil mailako selekzioarekin Europako eta Munduko txapeldun izan da eta hurbiletik ezagutzen du harrobiko lana.

Javi Campok Mozas lagundu du Torrelavegako bidean, bigarren entrenatzaile gisa. Zeregin bera izanen du Bidasoan ere, baita harrobiko koordinatzaile lanetan aritzea, hortan esperientzia baitu. Nacho Torrescusa berriz, prestatzaile fisikoa izanen da, bai lehen taldean, baita harrobian ere. Absolutu mailan eta maila ttikiagotan prestatzaile fisikoa izan da selekzioan. Azkenik, Jorge Martinez atezain ohia, postu horretan ariko diren jokalarien entrenatzailea izanen da. Emakumeen selekzioan eta kategoria ttikiagoko selekzioetan lan horretan aritua da eta Bidasoan ere, lehen taldean eta harrobian ariko da.

Alex Mozasek defentsa gogorrago bat nahi du eta trantsizioetan erritmoa handitu

Alex Mozasek hartu zuen azkenik hitza eta talde tekniko guztiaren izenean solastu zen. Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkion Bidasoari eurengan konfiantza erakusteagatik: “Klubak gugan apustua egin du eta eskertzekoa da. Ziur gaude etorkizuna disdiratsua izanen dela eta denok elkarrekin lan eginen dugula horretarako”. Gaineratu duenez, “guretzat aitzin pausu ikaragarria da hemen egotea. Horregatik beragatik, “arduraz jokatuko dugu, ilusio, eta jakinda orain arteko dinamikari segida eman behar diogula”.

Bidasoan egotea “inoiz pentsatuko ez lukeen ametsa” dela aitortu zuen, lan aunitzen ondorioz lortu dutena. Horregatik beragatik, Bidasoak egindako proposamenari “ezetz erratea” ezinezkoa izan dela ere onartu zuen: “Klub honek duen iragana eta orain kontuan hartuta, ezetz erratea ezinezkoa zen. Gure talde teknikoak anbizio handia du eta beti gehiago nahi izan dugu momentuko proiektuetan, baita hortik kanpo ere. Hemen egotea ASOBAL Ligako sabaia jotzea da eta horrela lan eginen dugu, ardura handiarekin”.

Torrelavega leku ezin hobean utzita ailegatu da talde tekniko berria Irunera. Mozasek berrak azaldu zuenez, “Torrelavegara ailegatu ginenean, jokalari aunitz zeuden, baina ez ginen inoiz txapelketetako azken faseetara iristen. Harrobiari buelta eman diogu eta gauza bera egin nahi dugu hemen. Lana aitzindua dago Bidasoan eta horri segida emanen diogu. Harrobitik jokalari bat ateratzean bertakoaren sentimendua azaleratzen da zaleengan, ekonomikoki merkeagoa den bitartean, eta hori da gure filosofia”.

Hurrengo denboraldiari begira ere jarri dira entrenatzaile berriak eta horren harira, “Europan lehiakorrak izatea” izanen da lehen helburua. Taldearentzat aukera bat da Europa mailan ongi kokatzeko eta horretarako, “gure eskubaloia Europan jokatzen denaren antzeko bihurtzea” izanen da erronka. Horrez gain, “ASOBAL Ligan zelatan egonen gara eta tituluren bat altxatzen saiatuko gara. Lehiakorrak izan nahi dugu, ongi kokatuak egon eta Barçari punturen bat kendu”.

Hori guztia lortzeko, Mozasek bere identitatea ezarriko du taldean: “Nire eskubaloian defentsa porrokatua izan da beti, kontatu gehiagorekin. Gainera, atezainen laguntzea izanen da bertze lan bat. Azkenik, trantsizioei garrantzia ematea, batez ere Europan. Dena azkar doa eta jokalariak erritmo hortan aritzea saiatuko gara”. Hala ere, orain arte ongi egindako lana ere aprobetxatuko dutela azpimarratu du: “Ongi egindako guztia aprobetxatuko dugu eta hortik aitzinera, errutinarekin hautsi. Jokalari batzuk azkar egokituko dira eta euren onena emanen dute”.

Aurtengo jokalari gehienak Bidasoan geldituko dira heldu den denboraldian ere eta Mozasi aunitz gustatzen zaio duen taldea: “Denboraldi honetan Bidasoaren partidu guztiak ikusi ditut eta taldea aunitz gustatzen zait. Jokalari handiak daude eta meritu handia dutenak, batez ere aurten egin duten lanagatik. Azpitik datorrena ere gustuko dut, material aunitz dugu lan egiteko eta ez dugu deus gehiagorik behar, kontent gaude”.

Presiorik gabe lan eginen dutela ere argi du entrenatzaile berriak eta ilusioa dela ahotan etengabe duten hitza. Europan aritzea “amets bat” izanen da Mozasentzat, baita Julen Aginagalderen ondoan lan egitea ere. Azken honen inguruan, kirol zuzendari bat edukitzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen prestatzaileak: “Julen erreferente bat da niretzat eta kirol zuzendari batekin lan egiteak gauzak erraztuko dizkit”. Erronkei begira ere, “hobetzeko” grina du talde berriak, “haztekoa”. “Irabazteko zaila den talde bat izan nahi dugu. Identitate hori badago dagoeneko hemen, baino taldean mantenduko dugu”, gaineratu du. Horrez gain, “jokalarien, talde teknikoaren, klubaren eta zaleen Bidasoa izanen dela” ziurtatu du, eta “ez Alex Mozasen” taldea.

Azkenik, zaleei ere keinua egin nahi izan ziren entrenatzaile berriak bere aurkezpenean. “Berdin segitzeko” eskatu zien. “Artalekun gauzak zail daudenean neurketa altxatzen dutenak dira”, onartu zuen eta gauza bera egiten segitzea espero duela, bera arduratuko dela momentu pozgarriak ematen. 

ALEX MOZAS: “TALDE DESEROSO BAT IZANEN DA ETA EZ DU LAGUNARTEKOAREKIN EZER IKUSTEKORIK IZANGO”
Eskubaloia

ALEX MOZAS: “TALDE DESEROSO BAT IZANEN DA ETA EZ DU LAGUNARTEKOAREKIN EZER IKUSTEKORIK IZANGO”

Bidasoak Bada Huesca jasoko du Artalekun, bihar (irailaren 28an) 19:30ean

Artaleku izanen da berriz ere Bidasoaren eskenatokia asteburu honetan....

ALEX MOZAS: “BARÇAREN KONTRA ETXEN DEBUTA EGITEA IDEALA DA, EZ DAGO AURKARI ETA ESKENATOKI HOBERIK”
Eskubaloia

ALEX MOZAS: “BARÇAREN KONTRA ETXEN DEBUTA EGITEA IDEALA DA, EZ DAGO AURKARI ETA ESKENATOKI HOBERIK”

Bidasoak Barça jasoko du Artalekun igandean (irailaren 22an), denboraldiko bigarren jardunaldia jokatzeko, lehena etxean

Bidasoa Irunek...

CD BIDASOAK BIDASOA ISURIA PROIEKTUA AURKEZTU DU
Eskubaloia

CD BIDASOAK BIDASOA ISURIA PROIEKTUA AURKEZTU DU

Euroeskualdearen babesarekin, Hendaiako Stade Hendayais eta Doneztebeko Errekako jokalariekin teknifikazio saioak eginen dituzte

Bidasoa Isuria...

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika