Borja Olazabal: "Txenpereneako proiektuaren txostena jasotzen ez dugun bitartean, ezin dugu proiektua aurrera eraman"

2022/01/26
Borja Olazabal: "Txenpereneako proiektuaren txostena jasotzen ez dugun bitartean, ezin dugu proiektua aurrera eraman"
Aurreko ortziralean Borja Olazabalekin, Irungo Udaleko kirol zinegotziarekin, hitz egiteko aukera izan genuen eta Real Union eta Bidasoaz gain, Irungo kirol instalakuntzaz ere aritu ginen. Izan ere, Txenpereneako instalakuntzaren proiektuaren berri eman zigun, baita Hendaia, Hondarribia eta Irungo herriak kirolaren aitzakiarekin uztartzeko ideiaz ere. Gainera, urtero banatzen dituzten Irungo kirolaren sariak ere izan genituen hizpide.Urtero banatzen duzue Irungo kirolaren saria. Normalean urte hasieran banatzen dituzue sariak, aurten nola izango da?Orain dela bi urteko gala berreskuratzen saiatzen ari gara. Iaz ezin izan genuen egin, sariak banatu genituen baina beste modu batera. Eta aurten horrelako ekitaldiak egiten ahal direla ikusita, gala hori ospatuko dugu berriz ere. Hurrengo egunetan esango dugu konkretuki zein egunetan izango den. Galaren formatua aurreko urtetakoa izanen da: aurkezle bat, musika saio txiki bat eta sari banaketa. Sariak emakumezkoen eta gizonezkoen kirolarik onena, klub onena eta Irundarron saria izango dira. Azken hau sari berezia da, izan ere, irundarrek bozkatutakoa da eta hori beste keinu bat da. Gainera, gustatzen zaigu hiriarentzat garrantzitsuak diren klubak eta kirolariak aipatzea, nahiz eta kirol munduan lorpen txikiagoak eduki.Kontatu pixkat nola den Txenpereneako kirol instalakuntzaren proiektuaren idei hori.Azkenean, Txenpereneako proiektua hor dago atletismo eta errugbi instalakuntza bertan egoteko. Lehen ikerketak egin dira, plano baten gainean ikusi dugu non egongo litzatekeen instalakuntza eta nolakoa izango litzatekeen. Atletismo eta errugbi taldeekin izan gara eta beraiek ere izan dute proiektuaren berri. Baina, prozesuak arazo pila bat ditu eta horietako bat txostenaren baiezkoa jasotzeko zain gaudela da. Jende asko dago horren atzean, baimen asko behar ditugu, lurraren egoera begiratu behar da… Pausu asko eman behar dira aurretik. Txosten hori jasotzen ez dugun bitartean, ezin dugu proiektua aurrera eraman. Niretzat garrantzitsuena proiektuaren ideia hor dagoela da, eta prozesua poliki baldin badoa ere, aurrera joango da hortan lanean hasi garelako jada.Eskualdean, egun batean, kudeatuko ahal dugu Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo instalakuntzak elkarrekin erabiltzea?Ez dakit. Momentuz ez dago mahai gainean, baina hirien arteko laguntasuna oso handia da. Adibidez, orain dela astebete berreskuratu genuen ideia hau. Izan ere, Hendaiako Udalak beraien igerilekuko instalakuntza berritu behar du eta baimena eskatu digu gure igerilekuak erabiltzeko. Ez dakigu nola bideratuko dugun, baina guk baiezkoa eman diegu. Harremana beti ona da Hendaia, Hondarribi eta Irunen artean eta horrela izaten jarraituko du.