REAL UNIONEK 2,4 MILIOKO AURREKONTUA ONARTU DU OHIKO BATZAR OROKORREAN
Javier Garmendia Elizondo Administrazio Kontseiluko kide berria ere aurkeztu dute egun berean egindako Ezohiko Batzar Orokorrean
Real Unionek Ohiko Batzar Orokorra ospatu zuen atzo arratsaldean Palmera Montero gunean. Bertan, 33 akziodunen parte hartzearekin, 2023/24ko denboraldirako 2.480.464,49 euroko aurrekontua onartu zuten. Horrez gain, egun berean egindako Ezhoiko Batzar Orokorrean, Javier Garmendia Elizondo aurkeztu zuten Administrazio Kontseiluko kide berri gisa.
Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak hartu zuen lehen hitza eta bertaratutako 33 akziodunak agurtu zituen. Emeryk klubaren kudeaketa eredua errotik aldatzeko beharra azpimarratu zuen sarrera horretan: "Eredua aldatzen ari gara, hausnarketa estrategikoa egiten, Real Union maila guztietan nola zegoen ikusi, bizi eta sufritu ahal izan dugun bi denboraldiren ondoren. Gure egonkortze eta profesionalizazio prozesuan argi geneukan honaino iritsi garela esan behar genuela. Kudeaketa eredua errotik aldatuko dugu, edo pikutara joango gara".
Kirol arloan ere aldaketa bat egiteko asmoa ere azaldu zuen, harrobiaren hazkuntza izanda helburu nagusietako bat: "Kirol arloan ere eredu aldaketa bat da, kategoriako gainerako klubekin lehiatzea bilatuz, lan prozesuei eta eguneroko hobekuntzari garrantzia emanez. Eta harrobiko futbolean ere aurrera eginez, baliabide gehiago emanez, Metodologia arloa indartzearen aldeko apustua eginez eta Prestakuntza, Ongizate eta Garapen Pertsonalaren arloa sortuz”.
Horren harira, Realarekin zuten hitzarmena hautsi eta Aston Villarekin berri bat sinatu dutela ere azaldu zuen Igor Emeryk: “Realarekiko harremanean oinarritutako eredua aldatu behar genuela ulertu genuen. Analisi hori Aston Villarekin eta bere taldearekin bat egiteko aukerarekin bat etorri zen, Unai Emeryren eskutik. Akordio horrek bultzada handiagoa emango digu gure proiektua sendotzeko eta profesionalizaziorako urratsak emateko”.
Josu Reta Administrazio Kontseiluko idazkariak hartu zion presidenteari lekukoa. Gai zerrendako hurrengo puntuak berak landu zituen eta horietako lehena 2022/23 denboraldiko ekitaldietako kontuak xehatzea izan zen. Aldeko 32 boto eta kontrako batekin onartu ziren hauek. Hirugarren puntuan, 2023/24 denboraldiko aurrekontuak aurkeztu zituen eta 2.480.464,69 eurokoa izanen dela onartu zen ere. Aurreikusitako diru sarrera berriz, 2.180.200 eurokoa izanen dela ere adierazi zuen. Kontu hauek guztiak ere aldeko 32 botorekin eta kontrako bakarrarekin onartu ziren. Azkenik, gai zerrendaren laugarren puntua, egungo Administrazio Kontseiluaren kudeaketarena, aho batez onartu zen.
Javier Garmendia Real Uniongo Administrazio Kontseiluko kide berria
Astearte honetan bertan, Ezohiko Batzar Orokorra ere ospatu zuen Real Unionek Palmera Monteron. Bertan, Javier Garmendia Elizondo Administrazio Kontseiluko kide berri gisa izendatu zuten.
1978an Irunen sortu zen Javier Garmendia eta egun, automobilgintzako negozio bat du hirian. Real Uniongo maila guzitietan jokatu zuen eta lehen taldera ere ailegatu zen. CD Lugo, Sestao River, CD Eldense edora Zamora CF taldeetako jokalaria ere izan da. Horrez gain, entrenatzaile lanetan ere ibili da Garmendia, CD Eldenseren kadete mailako taldean, Real Uniongo Euskal Ligako kadete mailako taldean, Real Union Roca gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldean, baita maila bereko Hondarribia FE taldean ere.
Kide berri honen sarrerarekin, hau da klubaren egungo Administrazio Kontseiluko osaketa: Igor Emery Echegoyen (presidentea), Juan Mancisidor Lusa (presidenteordea), Josu Imanol Reta Decoreau (idazkaria), Hervé Etcheverry (idazkariordea), Amaia Festa Itsaso (kontseilaria), Iñigo Olaizola Alcorta (kontseilaria), Álex Arieta-Araunabeña Olano (kontseilaria), Óscar Galán Martínez (kontseilaria), Joseba Bereau Irastorza (kontseilaria), Iñaki Solbes Ponte (kontseilaria), David González Ardila (kontseilaria) eta Javier Garmendia Elizondo (kontseilaria).