JACOBO CUETARA: “NEURKETA BEREZIA IZANEN DA, BAINA TXAPELDUNORDETZA LORTU BEHAR DUGU DENAREN GAINETIK”
Bidasoak Puerto Sagunto jasoko du larunbatean (maiatzaren 18an) Artalekun, etxean jokatuko duen azken partiduan
Bidasoa Irunek Plenitude ASOBAL Ligako etxeko azken neurketa jokatuko du larunbatean, maiatzaren 18an. Puerto Sagunto jasoko du Artalekun, 18:00etan, eta jardunaldi berezia izanen da, ez soilik zaleen aitzinean jokatuko duten azkena izanen delako, baizik eta Jacobo Cuetara entrenatzailea agurtuko dutelako, bertze taldekide batzuekin batera.
Emozioz betetako jardunaldia izanen da larunbat honetakoa Bidasoarentzat. Txapeldunordetza izanen dute jokoan berriz ere, eta horrez gain, Jacobo Cuetara segundo entrenatzailea agurtzeko baliatuko dute. Hori guztia etxean eginen dute, Artalekun jokatuko baitute denboraldiko azken partidua. “Nirentzat hunkigarria da. Etxean jokatuko dudan azken partidua da, urte aunitzen ondotik. Txapeldunordetza lortzeko ilusioa dut eta hori izanen da zortzi urte hauek eskertzeko nire modua”, aipatu du Jacobo Cuetarak berak. Gaineratu du, “azken hilabeteak dagoeneko hunkigarriak” izan direla, “egunerokotasunean jendearen babesa” sentitu duelako.
Hunkigarria izanen da larunbateko arratsaldea, baina taldeak, denaren gainetik, helburu garbi bat izanen du: Puerto Saguntoren kontra irabazi eta txapeldunordetza lortzea. Entrenatzaileak adierazi duenez, “gibeletik dagoen taldearen kontra lehiatuko” dira, baina “hauek merezi duten errespetu guztiarekin”. Izan ere, “ongi entrenatutako taldea da” aurkaria, nahiz eta azken aldian baja garrantzitsuak izan dituen eta ezin izan duen bere onena eman. Hala ere, azken aldian jokalariak berreskuratu ditu eta Irunera taldearen bertsio hobe bat etorriko da. “Talde borrokalari bat izanen dugu aitzinean eta gugan pentsatu behar dugu”, onartu du Cuetarak.
Neurketa irabazteko bi gako azpimarratu ditu prestatzaileak: “Defentsan sendo egotea, atean eta gibelean, eta jaurtiketei bukaera ona eman”. Bidasoaren bi marka dira eta alde edo kontra ere izaten ahal ditu Irungo taldeak. Edonola ere, euren indar guztia kantxaratuko dute modu positiboan erakusteko bi joko horiek. Hori guztia egiteko, taldeak Julen Mujikaren eta Mikel Zabalaren falta izanen du. Dariel Garcia ere zalantza izanen da azken momentura arte. Hala ere, dauden guztiekin borrokatuko dutela argi dute bidasotarrek.
Gogoz eta ilusioz dago Bidasoa partidua jokatu eta puntuak txapeldunordetza eskuratzeko. Hori lortuta agurren momentua izanen da. Hala ere, horren aitzinetik, errandakoa, taldea zentratuta egonen da partiduan eta garaipena lortzen. Jacobo Cuetara bera ere ahalik eta kontzentratuen egoten saiatuko dela azpimarratu du: “Zaila izanen da burua zentratuta edukitzea, baina horrela izaten ahaleginduko naiz. Jokoan duguna niretzat obsesio bat da eta hori lortu behar dugu lehendabizi. Ondotik, denbora izanen dugu agurtzeko eta momentu hunkigarriak edukitzeko”.
(Argazkia: Arrate Morales)