ZIRRARA SOROETAN

2021/05/31
ZIRRARA SOROETAN

Hondarribiko Emakumezkoen VI. Pala Txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu zen larunbatean. Soroetako pilotalekuan lau neurketa zirraragarri bizitu ahal izan ziren. 

Azken asteetan hiru izan dira larunbatean Soroetan ikusi ahal izan ziren neurketak. Ikusmira handia piztu du herrian Emeki Elkarteak antolatutako txapelketak; horregatik, asteburu honetako jardunaldiari neurketa berria gehitu zioten. Lau izan ziren asteburu honetan jokatu ziren neurketak, bata bestea bezain zirraragarriagoa.

Zuraide Telletxea-Ekhiñe Extarteren eta Xuxuna Ochoteco-Aloña Zabalaren arteko lehiak ireki zuen jardunaldia. Lehen bikotea garaipena erdiesteko gogotsu irten zen pilotalekura eta ziztu bizian, 10-4ko abantaila erosoa lortu zuten. Halere, aurrean zuten bikotea astetik astera indartsuago aurkitzen da eta markagailu ezkorra iraultzeko gaitasuna izan zuten. 12-15 bukatu zen lehen neurketa, Ochoteco-Zabala bikotearen alde.

Bigarren neurketan Maite Mariezkurrena-Izaskun Ayorga eta Izaskun Amunarriz-Naroa Mentaberri bikoteak neurtu zituzten indarrak. Izaskun Ayorgak, txapelketan zehar, arazoak izan ditu sakearekin, baina larunbateko neurketan zalantza guztiak albo batera utzi zituen. Maite Mariezkurrenarekin batera, tandem bikaina osatu zuten eta Amunarriz-Mentaberrik ez zuten partidua bereganatzeko aukerarik izan. Lau tantuko aldearekin bukatu zen neurketa, 15-11 gorriz aritu ziren Mariezkurrena-Ayorga bikotearen alde.

Hirugarren neurketak kolore bakarra izan zuen, Edurne Martiarenak eta Idoia Karrerak osatzen duten bikotearen gorri kolorea. Hasieratik nagusitu ziren markagailuan eta, inertziaz, 15-3 gailendu ziren Edurne Osa eta Amaia Gonzalez bikoteari.

4. eta eguneko azken neurketa, ostera, berdinduta baino berdinduago iragan zen. Xole eta Mirari Etxegia bikoteak palako txapelketetan esperientzia duten Garbiñe Tijero eta Alaitz Badiolaren aurka aritu ziren eta azken tantura 14-14ko emaitzarekin iritisi ziren azken tantura. Tantoak lortzea zaila zen neurketan, polemika piztu zen. Mirari Etxegiak Garbiñe Tijero palarekin kolpatu zuen, jokalaria palaren bidean zegoen ala ez eztabaidatzen aritu ziren eta epaileak tantua errepikatzeko erabakia hartu zuen. Etxegia ahizpek erdietsi zuten azken tantua, garaipena eskuratu zuten eta bi bikoteek neurketa besarkada batekin tentsio guztiak baztertu zituzten.

Larunbatean, txapelketaren finala jokatuko da.