ZILARREZKO DOMINA ESKURATU DU SANTIAGOTARRAK-EK ESTATUKO KOPAKO K-4 MODALITATEAN
Jubenilak berriz, podiumetik kanpo gelditu ziren 0,05 puntugatik
Santiagotarrak-Urbycolan taldea Trasonan (Asturias) izan zen pasa den asteburuan Espainiako Kopan parte hartzen. Klub moduan, irundarrak hamahirugarren postuan sailkatu ziren, egun talde baino gehiagoren artean.
Emaitzarik azpimarragarriena Nere Garciarena izan zen, 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu baitzuen, 200 metroko K1ean. AItor Gorrotxategik, bere aldetik, 500 metroko K4eko Hungarian ospatuko den Munduko Txapelketarako sailkatu zen.
Garaipen hauez gain, 500 metroko K4ean zilarrezko domina eskuratu zuten Maialen Arsuagak, Uxue Arsuagak, Nerea Garciak eta Carla Corral asturiarrak. Juniorrak aldiz (Ian Anatol, Aimar Platero, Markel Juaristi eta Iñigo Irastorza), laugarren postuan sailkatu ziren 1000 metroko K4ean, podiumeko hirugarren koskara igotzetik 0,05 puntura soilik.
200 metroko K2an, Corral eta Garcia bortzgarren postuan sailkatu ziren eta seigarren berriz, Uxue eta Maialen Arsuaga ahizpak. Bortzgarren postuan ere helmugaratu zen Garcia 200 metroko K1ean (23 urtez azpiko lehena) eta Uxue Arsuaga hamaikagarren.
1000 metroko distantzian, irundarrak maila ona erakutsi zuten. Senior mailako K4ean, Beñat Arsuagak, Aitor Gorrotxategik, Ekaitz Aizpioleak eta Eneko Egigurenek zortzigarren postua eskuratu zuten. Honez gain, Arsuagak eta Gorrotxategik K2ko B finala irabazi zuten, hamargarren postuan sailkatuz. Anatol eta Juaristi aldiz, juniorretan, zazpigarren izan ziren eta Ane Amostegi eta Maite Gorrotxategi seigarren. Carla Corral, azkenik, bederatzigarren helmugaratu zen K1ean.
Emaitza on hauekin pístalo denboraldiari hasiera eman diote Santiagotarrak-Urbycolan taldeko kirolariek. Datorren asteburuan berriz, kadete, junior eta senior mailakoak Galizian izanen dira Espainiako Maratoi Kopa jokatzen.