ZAISA TXINGUDIKO TOUCH ERRUGBI TALDEAK DENBORALDIA HASIKO DU
Estatuko 2. mailako Ligako lehen neurketa Valladoliden jokatuko du beste bost taldeen kontra
Zaisa Txingudiko Touch modalitateko taldeak denboraldiari hasiera emanen dio asteburu honetan Valladoliden. Bertan, Estatuko Zilarrezko mailan jokatuko den lehen jardunaldia ospatuko da eta sei talde arituko dira guztira, bata bestearen kontra: Alligators Emerging, Valladolideko El Salvador, Getxo Touch, Madrilgo Pakaru eta Titanes eta Zaisa Txingudi.
Lehen jardunaldi hau Valladolideko Arroyo de la Encomienda herriko Sotoverde zelaian jokatuko da, 9:30etik aitzinera. Euren artean arituko dira, denak denen kontra jokatzeko, eta emaitzak hurrengo jardunaldietan lortuko dituztenei gehituko zaizkie, horren arabera erabakiko baita zein talde igoko den mailaz.
Talde bidasotarraren partetik, jokalari hauek zelaraituko dira Sotoverden: Iñaki Urrutxurtu, Gari Mendizabal, Aitor Zazpe, Iñigo Aizpurua, Gorka Eizaguirre, Urtzi Berastegi, David Muñoz, Gorka Nava, Yon Michelena, Aitor Petrikorena, Agustin de Dios eta Luis Petrikorena.
14 urtez azpiko taldea Ordiziako zazpiko errugbi txapelketan
Txingudi Errugbi Klubeko 14 urtez azpiko taldeak ere txapelketa batean parte hartuko du asteburu honetan. Hain zuzen ere, Ordizian arituko dira, zazpiko errugbi modalitatean, Ordizia, Hernani, Bera Bera eta Iruña taldeen kontra. Partidak larunbatean izanen dira, 10:30etik aitzinera. Bigarren aldia da bidasotarren talde honek modalitate honetako txapelketa batean parte hartzen duela. Orain dela bi aste, Lekarozen egon baitziren bertako torneoa jokatzen eta lau partidetatik hiru irabazi zituzten.
(Argazkia: Txingudi RC)