ZAISA TXINGUDIKO SENIORRAK IGOERA FASEAREN BILA

2023/03/30
ZAISA TXINGUDIKO SENIORRAK IGOERA FASEAREN BILA

Emakumeen taldea Plaiaundin lehiatuko da lehen aldiz Sarako Izarra-ren kontra

Txingudi Rugby Klubeko taldeek asteburu betea izanen dute oraingoan. Seniorrek partidu erabakigarria jokatuko dute Bilbon. Emakumeek, bertzalde, etxean jokatuko dute lehen aldiz Sarako Izarra taldearen kontra. Azkenik, 18, 16 eta 14 urtez azpikoak Arrasaten, Elorrion eta Eibarren arituko dira hurrenez hurren.

Gizonezko seniorrak partidu garrantzitsua jokatuko dute larunbat honetan, apirilaren 1ean, 15:30ean. Hain zuzen ere, Bilbon arituko da Zaisa Txingudi, bertako Nerbioi-UBR taldearen kontra. Bidasotarrek puntu bakarra lortu behar dute neurketa honetan, matematikoki bigarren postua ziurtatzeko eta play-offa jokatzeko sailkapena lortzeko. Aurkariak berriz, ez ditu gauzak erraz jarriko. Universitario Bilbaoren hirugarren taldea da eta hauekin entrenatzen aritu dira denboraldi honetan. Txingudikoek gainera, bortz baja izanen dituzte larunbat honetarako: Xabi Sanchez, Alberto Robleda, Carlos Perez, Asier Gonzalez eta Ioritz Franco. Honez gain, Euskadiko Federazioak eginen dituen aldaketen zain egon beharko da taldea. Izan ere, igoera eta jeitsiera fasetan egonen diren taldeen artean mugimenduak egonen direla iragarri dute. Hala ere, bigarren postuan sailkatzea denak play-offa jokatuko duela ziurtatua dago, eta hori izanen da mugakoen helburua.

Emakumeak lehen aldiz Plaiaundin

Etxeko zelaian bertze hitzordua garrantzitsu bat egonen da larunbat honetan ere, 15:00etan. Izan ere, emakumeen taldeak lehen aldiz Plaiaundin jokatuko du partidu hau, denboraldi honetako hirugarren lagunartekoa izanen dena. Horretarako, Sarako Izarra jasoko dute mugakoek. Lapurtarrek denboraldi honetan Euskal Ligako Ohorezko B mailan debuta egin dute eta emaitza onak lortu dituzte gainera: sei partida irabazi eta bi galdu. Honekin, sailkapeneko bigarren postuan bukatu dute urtea, Getxoren bigarren taldearen atzetik.

Partidu honi aurre egiteko, Maider Aizpuruak eta Asun Gamindezek hemezortzi jokalari izanen dituzte eskura. Lupe Pescador, Claudia Barbero eta June Lastra baja izanen dira eta Helene Tristan, Aitana Garrido eta Maider Diaz, 16 eta 14 urtez azpiko taldeekin izanen dute hitzordua.

18, 16 eta 14 urtez azpikoen norgehiagokak

18 urtez azpikoek Arrasaten jokatuko dute ligako azken jardunaldia, Danon Artean taldearen kontra, larunbatean 11:30ean. Hauek bidasotarren aitzinetik daude sailkapenean, bi puntu gehiagorekin eta hitzordu hau aprobetxatu nahiko dute, denboraldia behar bezala borobiltzeko.

Egun eta ordu berean, 16 urtez azpiko taldeak Elorrio bisitatuko du, bertako taldearen kontra neurtzeko. Bi talde hauen artean lau puntuko aldea dago eta joaneko partidan lehia estua erakutsi zuten Plaiaundin. Orduan etxekoentzat izan zen garaipena, eta berriz ere emaitza errepikatzeko prest daude bidasotarrak.

Azkenik, 14 urtez azpiko taldeak Eibarren jokatuko du asteburuko jardunaldia, Arrasatek eta Mutrikuk osatzen duten taldearen kontra. Gipuzkoako txapelketan lan bikaina egiten ari da talde hau eta horrela segitzeko ahaleginak eginen dituzte oraingoan ere.

Helene Tristan eta Maider Diaz Gipuzkoako selekzioarekin

Gipuzkoako 15 urtez azpiko selekzioa Senperen izan zen pasa den asteburuan, Laguntasunaren XI. Txapelketa jokatzen. Bertan, Txingudi Rugby Klubeko Helene Tristan eta Maider Diaz izan ziren parte hartzen. Taldea B multzoko hirugarren postuan sailkatu zen Pirinio Atlantikoetako, Landetako, Girondako, Lot eta Garonako, Itsas Charenteko eta Nafarroako taldeen kontra partida bana jokatu ondoren. Klubetik adierazi dutenez, Tristanek eta Diazek lan polita egin zuten joko zabaltzaile eta aurrelari bezala, hurrenez hurren.

Eki Fanlo Munduko serieetan epaile

Bertzalde, Eki Fanlo nazioarteko rugby epaile irundarrak Munduko Rubgy Batasuneko deia jaso du berriki eta Hong Kongera bidaiatu beharko du datorren asteburuan Munduko Zazpiko Serieetako txapelketan lan egiteko. Klubetik zorte on opa nahi izan diote Fanlori, baita euren zorionik estuena ere.

(Argazkia: Paulo Couto)