ZAISA TXINGUDIK URGOZO BISITATUKO DU IGANDE HONETAN

2024/04/11
ZAISA TXINGUDIK URGOZO BISITATUKO DU IGANDE HONETAN

Txingudi Rugby Klubeko gizonezkoak sailkapeneko hirugarren postua ziurtatzeko helburuarekin joanen dira liderraren etxera

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek, Zaisa Txingudik, Zornotzara bidaiatuko dute igande honetan, apirilaren 14an, bertako Urgozo taldearen kontra lehiatzeko (11:30). Aurkaria sailkapeneko liderra da orain eta Irungo taldeak hirugarren postua ziurtatzeko helburuarekin aterako da zelaira. Matematikoki, lehen bi postuak eskuratzea ezinezkoa dute mugakoek, baina besoak jeitsi gabe segituko du lanean, Zarautz B/Beltzak eta La Unica B taldeak beraiengandik gertu baitaude kokaturik.

Zornotzak ezin izanen dira egon Xabi Sanchez, Iker Tejero, Asier Gonzalez, Alberto Robleda edota Jon Sanchez. Horrez gain, Lander Vielbaren, Javi Paredesen, Mikel Genuaren eta Odei Alonsoren partehartzea zalantzan dago oraindik. Edonola ere, taldea prest dago aurkaria aitzin egiteko eta hamabosteko onena zelaira ateratzeko. Elkarren kontra jokatu zuten azken aldia dute gogoan mugakoek, Plaiaundin berdinketa lortu baitzutelako.

Gazteak eta beteranoak ere lehian

18 urtez azpiko taldeak ere jardunaldia izanen du asteburu honetan. Larunbatean, apirilaren 13an, 14:30ean, Donostiako Kote Olaizola estadioan jasoko du Uni Bilbo. 14 urtez azpiko taldeak berriz, Txingudi/Baztanek, Gipuzkoako Ligako B multzoko finalerdiak jokatuko dituzte Zarautzen, bertako taldearen kontra. Larunbatean izanen da norgehiagoka, 10:30ean.

Azkenik, Txingudiko beteranoak ere lehian izanen dira Baztango BRT Menditarrak antolatzen duen Rugby Gaupasan. Larunbatean, 15:00etatik aitzinera, Larraintzarreko ikastetxeko zelaian arituko dira zazpiko txapelketan.

Emakumeen 6 nazioen txapelketa Rugby Tabernan ikusgai

Europako txapelketarik garrantzitsuena jokatzen ari dira momentu honetan, emakumeen 6 nazioen txapelketa hain zuzen ere. Hirugarren jardunaldia jokatuko dute asteburu honetan eta Rugby Tabernan ikusteko aukera izanen da. Larunbatean bi partida jokatuko dira, Eskozia eta Ingalaterraren artekoa (15:15) eta Irlanda eta Galesen artekoa (17:45). Igandean berriz, Frantziak eta Italiak jokatuko dute elkarren kontra (16:00).

TxingUdaren edizio berria martxan

Aurtengo uztailean, Txingudi Rugby Klubak Udalekuen edizio berri bat ospatuko du. Datozen egunetan emanen dute honen inguruko informazio osoa, baino dagoeneko berrikuntzen inguruan aritu dira. Aurten, berritasun moduan, Txingudik Saint-Jean-de-Luz Olympique taldearekin akordioa sinatu du eta horren harira, udalekuetan Iparraldeko klubeko entrenatzaileek masterclass batzuk eskainiko dizkieta partehartzaileei. Interesa dutenek klubaren webgunean eta sare sozialetan aurkitu ahal izanen dute informazio guztia.

(Argazkia: F. de la Hera)