ZAISA TXINGUDIK UNI BILBO IZANEN DU AURKARI ASTEBURUAN

2023/11/10
ZAISA TXINGUDIK UNI BILBO IZANEN DU AURKARI ASTEBURUAN

16 urtez azpikoek ere aurkari bera izanen dute bihar goizean Lekarozko zelaian

Biok Txingudiren lekukoa hartuko du Zaisa Txingudik asteburu honetan. Larunbatean (azaroaren 11n), 16:00etan, Nerbioi-Uni Bilbo C taldearen kontra jokatuko du denboraldiko jardunaldi berri bat eta partidua ere Bilbon jokatuko da. Bigarren mailako liderra da aurkaria eta beraz, txingudikoek badakite honen zailtasunaz. Bertan jokatuko zuten azken partiduan mugakoek galdu egin zuten, etxekoek partiduaren bukaeran markagailua irauli zutelako zigor kolpe baten bidez. Horrez gain, aurten ere ezin hobe hasi dute Liga. Izan ere, lautik lau neurketa irabazi dituzte. Edonola ere, Iñigo Camareroren mutilak prest daude denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko. Orain arte bi partidu galdu dituzte eta bertze bat irabazi, baina jokatu gabe, aurkaria ez baitzen zelaira agertu. Odei Alonso, Aitor Asurmendi eta Andoni Quiñones ezik (lesionaturik) bertze guztiek bidaiatuko dute Bilbora.

16 urtez azpikoak Lekarozen

Bilboko aurkari bera izanen dute 16 urtez azpiko txinguditarrek. Hauek, Baztan Menditarrak-ekin batera osatzen duten taldearekin, Lekarozko zelaian arituko dira Uni Bilbo B-ren kontra, bihar ere 11:00etan. Bi talde hauek sailkapeneko azken postuetan daude eta biak ere garaipena eskuratu nahiko dute, puntuak batu eta gora egiteko.

Euskadi eta Gipuzkoako selekzioekin hautatuak

Euskadiko selekzioaren 16 urtez azpiko eta Gipuzkoako selekzioaren 13 eta 14 urtez azpiko entrenamenduak ospatuko dira egun hauetan, baita neskenak ere, eta bertan Txingudiko zenbait jokalari egonen dira. Horrez gain, Euskadiko Autonomien Selekzioen txapelketa prestatzen ari dira eta heldu den astelehenan, hilaren 13an, izanen dute entrenamendu berri bat Zarautzen. Aritz Arrieta bertan egonen da.

Gipuzkoako konbinatuak berriz, Plaiaundin eginen dute hitzordua, bihar 9:30ean. 13 urtez azpikoekin Txingudiko Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Oihan Echeveste, Galder Eizagirre, Oier Galvez, Mick Little, Urtats Mendizabal eta Urko Prieto egonen dira. 14 urtez azpikoekin bertzalde, Urtzi Arrieta, Justin Duarte, Jonathan Guerrero eta Mattin Petrikorena.

Igandean azkenik, Gipuzkoako emakumeen selekzio gaztearen entrenamendua ospatuko dute Eibarko Unbe zelaian. Biok Txingudiko bortz jokalari egonen dira bertan: Lohitzun Aia, Luma Altube, Gaxi Famoso, Maddi Garmendia eta Helene Tristan.