Zaisa Txingudik Sortzen C taldea bisitatuko du asteburuan
Zaisa Txingudik arerio zuzen bat bisitatuko du asteburu honetan. Sortzen C-ren kontra jokatuko du larunbat honetan, azaroaren 23an, 13:05ean. Aurkaria Bera Bera, Zarautz eta Beltzak kluben arteko batasuna da puntu bakarreko aldea du bidasotarrekin sailkapenean.
Neurketa zaila izanen dela aurreikusi dute Iñigo Camarero eta Leire Muñozen jokalariek. Belar artifizialean jokatzea egokituko zaie eta, asteburu honetan ere, jokalari gutti izanen dituzte zelaian. Sailkapeneko azken postuan daude mugakoak, baina joko polita erakutsi dute orain arte eta aukera berri hau aprobetxatu beharko dute, garaipena eskuratzeko eta puntuak ere bereganatzeko.
Biok Txingudik atsedena
Biok Txingudik ez du neurketarik jokatuko asteburu honetan, baina bertze taldeek jardunaldia izanen dute eta beraz, hurbiletik segituko dute Euskadiko txapelketara sailkapena. Elorrio/Urgozo eta Arrasate/Eibar B dira mugakoen arerio zuzenak sailkapenean eta hauek etxean jokatuko dute asteburuan, Rioja eta Durangoren kontra, hurrenez hurren. Bi partiduetako emaitzen zain egonen dira Txingudikoak.
DBH eta Batxilergoko ikasleentzako errugbi jaialdia
Txingudi Rugby Klubak bertzelako ekitaldiak ere antolatu ditu larunbat honetarako Plaiaundin. DBH eta Batxilergoko ikasleekin elkartuko dira eta Errugbi Olinpiadaren bigarren edizioa ospatuko dute, 11:00etatik aitzinera. Jaialdi honetan ikasturtean zehar bisitatzen dituzten DBH eta Batxilergoko ikastetxeek errugbiaz gozatzeko topaketa dute.
Hasieran, beroketa eginen dute eta ondotik, taldeak antolatuko dituzten plakajerik gabeko partiduak jokatuko dituzte. Goiza borobiltzeko, partehartzaile bakoitzak kamiseta bana jasoko du eta ohikoa den hirugarren denbora ere eginen dute. Klubetik 12 eta 17 urte bitarteko gazteak gonbidatu ditu Plaiaundira, errugbia praktikatzeko aukera aprobetxa dezaten.