Zaisa Txingudik Riojaren kontrako partidua jokatuko du bihar
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik etxetik kanpo jokatu beharko du asteburu honetan. Rioja RC taldea bisitatuko dute mugakoak, Logroñoko Pradoviejo zelaian, bihar (azaroaren 16an) 16:00etan. Momentuan gibeleratutako denboraldiko lehen jardunaldia da bihar jokatu beharreko hau.
Sailkapeneko hirugarren postuan kokatuak daude errioxarrak eta Zaisa Txingudik partidu zaila eta gogorra espero du hauen kontra. Lehiaketa oso parekatua dago Euskal Ligan eta hori ere nabarituko da Errioxako zelaian. Hala ere, mugakoen kontra jokatzen dituzten partiduek xarma berezia izanten dute eta Iñigo Camarero eta Leire Muñozen jokalariak gogoz daude jardunaldirako.
Denboraldi hasiera oso parekatua jokatzen ari dira Euskal Ligako taldeak. Uni Bilbo C denen gainetik badago ere, La Unica, Rioja eta Iruña 14 puntuetan berdinduta daude bigarren, hirugarren eta laugarren postuetan, hurrenez hurren. Gibeletik, bertze bortz taldeen artean, puntu bakarreko aldea dute, hain zuzen ere, Uribealdea Mungia, Gaztedi B, Sortzen C, Arratiko Zekorrak eta Zaisa Txingudiren artean.
Biok Txingudik berriz, ez du jardunaldirik jokatuko asteburu honetan.
16 urtez azpiko eta eskolako errugbilariak ere lehian
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldea lehian izanen da asteburu honetan, etxetik kanpo ere. Iruñean jokatuko dute bihar, 11:00etatik aitzinera, bertako Iruña RC taldearen kontra. Lehen faseko azken partidua izanen da gaztetxoentzat eta nahitaezko garaipena eskuratu beharko dute Euskadiko Txapelketan sailkatu ahal izateko.
Eskolako errugbilariak berriz, 10 eta 12 urtez azpiko Txingudi/Orereta taldeak, Eibarren izanen dira igande honetan, azaroaren 17an, 10:30ean.
Gipuzkoa eta Euskadiko selekzioetan ordezkaritza
Ligetako hitzorduez gain, 13 eta 14 urtez azpiko Gipuzkoako selekzioek entrenamenduak eginen dituzte asteburuan Hernanin. Txingudiko hamaika jokalari izanen dira bertan: Unai Aizpurua, Giovani Ciurar, Galder Eizaguirre, Omar El Mossaoui, Markel Aizpurua, Telmo Bereciartua, Aiur Callao, Markel Celestino, Oier Goenaga, Oihan Sanchez eta Beñat Tristan dira. Hauez gain, 16 urtez azpiko Euskadiko selekzioak astelehenean, azaroaren 18an, Zarautzen eginen du entrenamendu eta bertan ere Txingudiko bi jokalari izanen dira, Mattin Petrikorena eta Thiago Melerio.