ZAISA TXINGUDIK RIOJA RC JASOKO DU PLAIAUNDIN

2022/02/24
ZAISA TXINGUDIK RIOJA RC JASOKO DU PLAIAUNDIN

Bi taldeen arteko neurketa hau denboraldi hasieran bertan behera gelditu zen bederatzigarren jardunaldia da

Larunbat honetan Zaisa Txingudik Rioja RC taldea jasoko du etxean, Plaiaundi zelaian hain zuzen ere. Norgehiagoka hau denboraldiko 9. jardunaldiari dagokio. Momentu hartan ezin izan zuten neurketa jokatu bi taldeetan Covid kasu positiboak eman baitziren eta beraz, asteburu honetan ospatuko da, arratsaldeko 16etan.

Txingudi sasoi onean iritsiko da partidu hau jokatzera, izan ere, aurreko asteburuko garaipenak indarberritu du taldea eta bultzada indartsua eman dio gelditzen diren neurketei aurre egiteko. Nahiz eta bidasotarrek sailkapeneko azken postuan jarraitzen duten, Bera Bera B-k baino puntu bat gehiago lortu behar dute asteburu honetan jeitsiera postutik aldentzeko. Xabi Sanchez jokalariak aipatu duen moduan, “oso polita izango litzateke aste honetan hau lortzea”.

Hala ere, etxeko taldearentzat ez da erraza izango neurketa hau, izan ere, Rioja taldea sailkapeneko laugarren postuan kokatuta dago eta bere ezaugarri nagusietako bat partidak azkenera arte lehiatzea da. Nolanahi ere, Txingudik oroitzapen ona du talde honekin aurrez aurre egon zen azken aldiaz. Pandemiaren aurretik jokatutako neurketa izan zen, eta orduan 19-10 irabazi zuten bidasotarrek. Gainera, orain dauden egoera beretsuan zeuden momentu hartan ere, eta jeitsiera postuetatik ateratzea lortu zuten garaipen horrekin. Sanchezek azpimarratu duenez, “hauxe bera izango da oraintxe gure helburua. Badakigu oso zaila izango dela. Espero dugu, beti bezala, belar artifizialean jokatzen duten taldeen aurrean dugun abantaila aprobetxatzea eta aurreko asteburuko garaipenak eman digun motibazioa zelaian erakustea”.

Iñigo Camarero eta Juanma Herreroren taldeak asteburu honetarako Julen Emparan jokalaria berreskuratu badu ere, Jon Mediavilla, Roman Solis eta Sylvain Lapeyreren bajak izango ditu. Gainera, Rodri Combina, Javi Boes eta Ramon Bergua ere zalantza izango dira azken momentura arte.