Zaisa Txingudik puntuak Logroñon utzi zituen

2024/11/19
Txingudi Rugby Taldeko senior gizonezkoek lan ona egin bazuten ere, Riojak kontrolpean eduki zuen momentu oro bere etxean jokatutako neurketa.
Zaisa Txingudik puntuak Logroñon utzi zituen
Rioja RC 81
5 Zaisa Txingudi

Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik Riojaren kontra 81-5 galdu zuen pasa den larunbatean. Logroñon aritu ziren bi taldeak eta gogorra izan zen mugakoentzat. Euskal lehenengo mailan aritu zen aurkaria baitzuen aitzinean. Horrez gain, azken asteetan bidasotarren taldean egondako lesioek guztiz baldintzatu zuten euren jarduna. 

Ahulduta zelairatu ziren Zaisa Txingudiko jokalariek, baina hala ere duintasuna mantentzen jakin zuten aurkai zail baten kontra. Defentsa azkar irekitzen eta erasoan gauza berriak probatzen aritu ziren Iñigo Camarero eta Leire Muñozen mutilak. Lehenengo minututik ordea, Riojak jokatzen badakiela erakutsi zuen eta mugakoen plakajeak hausten joan ziren, baita entseguak lortzen ere. 

Lehen zatian, nagusitasunez aritu ziren etxekoak eta zortzi entsegu eta bost eraldaketarekin, 50-0eko markagailua erdietsi zuten atsedenaldira bidean. Bigarren zatian, bidasotarrak hobeki ibili ziren, aurkariaren zelaian sartuz eta diziplinaz jokatuz. Errioxarrek gero eta presio handiagoa jasan zuten bisitariengandik eta bi zigor kolpe gehiago egin zituzten. Gainera, aldi baterako bi kaleratze eduki zituzten eta honek indarra eman zion Zaisa Txingudiri. 50. minutuan, Ioritz Francok, aurrelariekin jokatutako zigor kolpe batean, indarrez sartu zen eta Aitor Asurmendi ailegatu zen entsegu-eremura, 50-5ekoa lortuz. 

Edonola ere, Riojak jokoa kontrolpean edukitzen segitu zuen, nahiz eta diziplina ezaren ondorioz, hirugarren txartel horia jaso. Fisikoki oso exijentea izan zen partidua bi taldeentzat, baina biek ere maila mantentzen jakin zuten. Azken minutuetan ordea, errioxarrek aldea handitu zuten, partidu bukaerarako 81-5ekoa eskuratuz. 

Iñigo Camarero eta Leire Muñoz entrenatzaileek egin zuten jardunaldiaren balorazioa.