Zaisa Txingudik porrota jaso zuen etxean sailkapeneko liderraren kontra

2024/11/05
Uni Bilbo Ck eraman zuen garaipena Irundik, Iñigo Camareroren mutilei 26-45ko markagailuarekin irabazi ondotik.
Zaisa Txingudik porrota jaso zuen etxean sailkapeneko liderraren kontra
Zaisa Txingudi 26
45 Uni Bilbo C

Zaisa Txingudik 26-45 galdu zuen Plaiaundin Uni Bilbo C taldearen kontra. Lehen minutuetan etxekoak nagusi izan baziren ere, ezin izan zioten aurre egin insartsu zelairatu zen Bilboko taldeari. Neurketa parekatua jokatu zuten eta mugakoek euren jokoan aritzeak lortu zuten, nahiz eta puntuek ihes egin. 

Jarrera onarekin eta lan sutsua eginda bukatu zuen Zaisa Txingudik Uni Bilbo C taldearen kontrako partidua. Lehen minutuetan nagusi izan zen etxeko taldea eta baloiaren jabetza ere eduki zuen, meléetan aukera gutti emanez aurkariari. Zazpigarren minutuan Caros Lora kapitainak entsegua lortu zuen, “Lutxo” Echevarriak segidan eraldatu zuena, markagailuan aitzina hartuz (7-0). Bilbotarrek ez zuten amore eman eta erantzun azkarra eman zuten, 7-5ekoa lortuz. 

Bi taldeak ongi antolatuak egon ziren eta markagailu parekatua mantendu zuten neurketa guztiak zehar. Mugakoek metroak irabazi zituzten, aurrelari eta hiru laurdenen arteko konbinazioei esker, eta bilbotarrek bere atzelarien azkartasuna erabili zuten defentsa lerroa hausteko. Azken hauek entsegu-eremura iristea lortu zuten honela, 33 eta 35. minutuetan, eta bi entseguak eraldatuz, 7-19ko emaitza ipini zuten markagailuan lehen zatia bukatzerakoan.

Aldageletatik bueltan, emaitza iraultzeko asmoz zelairatu zen Zaisa Txingudi. Uni Bilboren akats bat aprobetxatuz, Imanol Rodriguezek baloia ebatsi eta hogeita biko marran plakatua izan zen. Aurrelariekin fase bat egin ondotik, hiru laurdenak izan ziren azkeneko metroak irabazi zituztenak eta azkenean, Mikel Genuak baloia entsegu-eremuan ezarri zuen. “Lutxo” Echevarriak eraldaketa hagen artean sartu zuen, hogeita hamar metroko ostikada emanez, eta horrela 14-19koa ipini zuen. 

Hurrengo minutuetan, partidu berdindua jokatu zuten bi taldeek. Etxekoek meléak eta touchak kontrolpean eduki dizuten eta joko irekian eroso ibili ziren. Aurkariak berriz, atzelariekin arazoak izan zituen defentsa lanetan. Hala ere, hauek izan ziren tartea handitzen joan zirenak, etxekoak jokoz kanpo egoteagatik egindako hainbat zigor kolpe aprobetxatuz. Metroak irabazi eta abantaila areagotu zuten hiru entsegu eta bi eraldaketen bitartez (14-38). Zaisa Txingudik besoak jeitsi gabe segitu zuen lanean eta Carlos Lorak bere bigarren entsegua lortu zuen, berriz ere Echevarriaren eraldaketarekin (21-38). Neurketa bukatzeko bost minutu gelditzen zirenean ordea, Uni Bilbok bere zazpigarren entsegua lortu zuen, 21-45koa ezarriz. Azken jokaldian berriz, Camareroren mutilek lan ona borobiltzeko desioz, Mikel Genuak hegalean baloia jaso eta bere bigarren marka lortu zuen, 26-45eko behin-betiko markagailua lortuta. 

Emaitza honek ez du sailkapenean eraginik izan, Uni Bilbo C lidergotzan segituko baitu eta Zaisa Txingudik azken postuan kokatua segitzen baitu. Heldu den larunbatean, azaroaren 9an, Mungian jokatuko dute mugakoek, Uribealdea Bren kontra. 

Xabi Sanchez Txingudi Rugby Taldeko komunikazio arduradunak egin du partiduaren balorazioa.