ZAISA TXINGUDIK PLAY-OFFA JOKATUKO DU
Nerbioi taldearen kontrako neurketa galdu arren, denboraldiko helburua lortu dute bidasotarrek
Zaisa Txingudiko senior mailako taldeak denboraldiko helburu nagusia lortu zuen pasa den asteburuan. Nerbioi taldearen kontrako partidua galdu arren, bidasotarrek bonus puntua lortu zuten eta, sailkapeneko bigarren postua ziurtatuta, play-offa jokatzeko txartela irabazi dute.
Camarero eta Lasaren mutilak agintzen hasi ziren pasa den asteburuko jardunaldian. Nerbioi taldearen aitzinean, 20. minuturako 0-11ko markagailua ezarria zuten Ekain Hiribarrenek bihurtutako bi zigor kolperen bitartez, baita Joao Costak egindako lehen entseguaren bitartez ere. Hala ere, atsedenaldira bidean, bidasotarren indarrek behera egin zuten eta etxekoek aukera aprobetxatu zuten errenta murrizteko (5-11).
Bigarren zatian, berdintasuna izan zen nagusi Amurrioko zelaian. Ez talde batez ez bertzeak ere ez zituzten puntuak batu 75. minutura arte. Orduan, Nerbioik bigarren marka lortu eta 10-11ekoa lortu zuen. Gainera, ia zelai erditik ostikatutako zigor kolpe baten bidez, markagailuan aitzindu ziren etxekoak lehen aldiz (13-11). Bisitariak saiatu ziren emaitzari buelta ematen, baina ezin izan zituzten aukerak aprobetxatu eta beraz, garaipenak ihes egin zien. Hala ere, bonus puntua lortuta, sailkapeneko bigarren postua ziurtatu zuten mugakoek eta beraz, play-offa jokatzeko helburua eskuratu zuten.
Asteburu gazi-gozoa gazteentzat
Txingudi Rubgy Taldeko gazteenek garaipen bat eta bi porrot erdietsi zituzten asteburuan ere. 14 urtez azpiko taldeak lortu zuen Danon Artean taldearen kontra irabaztea, Eibarren euren nagusitasuna erakutsiz. 16 urtez azpikoek berriz, porrot mingarria jaso zuten Elorrioren aldetik (43-17). Azkenik, 18 urtez azpikoek 22-21eko markagailu estuarekin galdu zuten Arrasateren kontra.
Emakumeen etxeko debuta atzeratua
Bertzalde, emakumeen taldeak etxean debuta egitekoa zuen pasa den asteburuan. Hau ezin izan zen gauzatu, bertan jokatu beharreko partidua atzeratu baitzen. Hau dela eta, Aizpurua eta Gamindezen taldeak etxean jokatzeko itxoin beharko du.