Zaisa Txingudik Plaiaundin hartuko du Gaztedi B larunbatean
Txingudi Rugby Taldeko Zaisa Txingudik Plaiaundin hartuko du Gaztedi B, bihar 16:00etan. Sailkapeneko azken postuan hasiko dira mugako jokalariak hurrengo jardunaldi hau eta garaipena lortzea ezinbertzekoa izanen da taldearentzat, gora egiten saiatzeko. Gasteiztarrak gainera, dinamika onean daude eta, azken jardunaldian ere, garaipen garrantzitsua lortu zuen Uni Bilbo Cren kontra. Orain, sailkapeneko bostgarren postuan kokatua dago. Neurketa zaila izanen da beraz, ez soilik aurkariaren gogortasunagatik, baizik eta eguraldiaren ondorioz, zelaia lokaztua eta irristakor egotea aurreikusten dutelako.
Plaiaundin gazteen eszenatokia ere
Txingudi Rugby Klubeko gazteek ere Plaiaundin jokatuko dute asteburu honetan. 16 urtez azpiko Txingudi/Baztanek 10:30ean jokatuko du bihar Getxo Bren kontra. 18 urtez azpiko Txingudi/Baztan/Bera Bera taldeak ere aurkari bera izanen du bihar, Getxo B. Hauek 12:30ean izanen dira aurrez aurre. 14 urtez azpiko taldeak berriz, kanpoan jokatuko du bihar, Donostiako Puio zelaian, Bera Beraren kontra, 13:30ean.
6 nazioen jardunaldi berria, Rugby tabernan
Tradiziorik handieneko txapelketaren jardunaldi berria jokatuko da asteburu honetan eta Txingudi Rugby Tabernan ikusgai izanen da. Larunbatean, 15:15etan, Italia-Gales ariko dira aurrez aurre, eta 17:45etan, Ingalaterra-Frantzia partidua izanen da. Igandean, aldiz, Eskozia eta Irlandaren arteko neurketa jarraitu ahal izanen dute zaleek, 16:00etatik aurrera.