ZAISA TXINGUDIK LIGAKO AZKEN NEURKETA JOKATUKO DU
Txingudikoek asteburu honetan Ligako azken partida jokatuko dute Logroñon Domiberia R.C. Riojaren aurka
Igande honetan Zaisa Txingudik amaiera emango dio aurtengo denboraldiari, izan ere, Ligako azken neurketa jokatuko du taldeak. Bidasotarrak Logroñon arituko dira, bertako Domiberia R.C. Rioja taldearen aurka. Eguerdiko 12etan ospatuko da azken jardunaldi hau, Pradoviejo kirol hirian.
Txingudik jeitsiera zuzeneko postuan kokatuta ekingo dio denboraldiko azken partiduari. Riojaren aurkako norgehiagoka bigarren mailara ez jeisteko beste aukera bat baldin bada ere, bidasotarrek oso zail dute hau ekiditea. Hala ere, borrokan jarraituko dute aurtengo Liga gogorrari amaiera emateko. Lesioek baldintzatutako urtea izan da taldearentzat eta hori azken jardunaldi honetan ere nabaria izango da. Izan ere, Iñigo Camarerok eta Juanma Herrerok ezingo dituzte gutxienez sei jokalari zelairatu igandean, eta beste hiru taldekide ere zalantza izango dira.
Klubetik jakinarazi dutenez, aurrean izango duten aurkaria errugbiaren erreferentea da. Rioja taldea bere 40. urteurrena ospatzen ari da aurten eta sailkapeneko bostgarren postuan kokatuta egotea lortu du, play-offa jokatzeko aukera izateko lortu behar duen laugarren postutik hiru puntuetara. Zaisa Txingudik bere aurka eta bere zelaian jokatu zuen azken partidan, 94-12ko markagailuarekin galdu zuen. Oraingoan ere zaila bada ere, bidasotarrek indarrez atera beharko dira zelaira, ahalik eta joko onena erakustera eta denboraldi zail honi agur esatera.