ZAISA TXINGUDIK LEHEN GARAIPENA ESKURATU DU PLAIAUNDIN

2022/11/08
ZAISA TXINGUDIK LEHEN GARAIPENA ESKURATU DU PLAIAUNDIN
Zaisa Txingudi 27
18 Gaztedi B

Talde bidasotarrak 27-18ko markagailuarekin garaitu zuen etxean Gaztedi B

Zaisa Txingudik urduri hasi zuen larunbatean Plaiaundin jokatu zuen neurketa. Gaztedi B taldea zuen aitzinean eta denboraldi honetako etxeko lehen garaipena eskuratu nahi zuten Iñigo Camareroren mutilek. Tentsio horrek eragindako zenbait akats egin ondotik, bidasotarrek egoera kontrolpean mantentzea jakin zuten eta azkenik, garaipena eskuratu zuten 27-18ko markagailuarekin.

Neurketa hasi eta bigarren minutuan aurreratu zen etxeko taldea, Teo Arrutik egindako entsegu bati esker. Hala ere, gasteiztarrek bertze entsegu bat eraldatu eta 5-7koa ezarri zuten segidan. Zaisa Txingudik urduritasunarekin jokatzen jarraitu zuen eta akats franko egin zituen, nahiz eta partidua kontrolpean mantentzen jakin zuen. Horrela, Ramon Berguak eta Joao Costak bina entsegu egin zituzten, 22 eta 30. minutuetan hurrenez hurren. Lehen zatiko azken minutuetan bisitariek bertze bost puntu eskuratu bazituzten ere, atsedenaldira 15-12ko markagailuarekin iritsi ziren bi taldeak.

Bigarren zatian akatsak egiten jarraitu zuten etxekoek, eta hauek aprobetxatuta, Gaztedik berriz ere aurrea hartu zuen, 15-19koa ipiniz. Hala ere, etxeko taldeak ez zituen besoak jaso eta defentsan lan ona eginda eta gogor erasotuta, berriz ere errenta lortu zuen markagailuan Camareroren taldeak (20-19, 51. minutuan). Hortik aitzinera, Txingudik jokoa moteldu zuen eta markagailua bere hortan mantentzen saiatu zen. Horri esker, 76. minutuan, Joao Costak entsegua egin eta Adur Manterolak eraldatzea lortu zuen eta horrekin abantaila hartu zuten bidasotarrek, azkenik 27-18ko markagailua eskuratu arte.

(Argazkia: Thalia Cuellar)