Zaisa Txingudik garaipena eskuratu zuen Plaiaundin
Zaisa Txingudik garaipena eskuratu zuen asteburuan etxean. Plaiaundin jaso zuen Gaztedi B taldea eta, 24-10eko markagailuarekin, jardunaldiko puntuak poltsikoratu zituen. Baloiaren jabetza izan zuen hasieratik etxeko taldeak eta zelaiaren baldintzak edota egindako akatsek ez zieten eragin.
Zaleen babesa aprobetxatuta, segidan ailegatu ziren lehen markak. Partiduaren hamargarren minutuan lortu zuen Aitor Asurmendik lehen marka, aurrelariekin jokatutako zigor kolpe batean (5-0). Zelaia lokaztuta zegoen eta horrek zaildu egin zuen baloia eskuetan mantentzea, baina etxekoek horri aurre egin zioten. Gaztediri berriz, kosta egin zitzaion izan zituen aukerak aprobetxazea. Horrela, 28. minutuan, “Lutxo” Echevarriak, melé baten ondotik, aurrera egin zuen baloiarekin, aurkariaren plakaketak deseginez, eta baloia hagen ondoak jarri zuen. Joko-zabaltzaileak eraldaketa ongi ostikatu zuen eta Txingudik zazpi puntu gehitu zituen markagailuan (12-0).
Gaztedik jokalari bat gutiagorekin hasi zuen bigarren zatia, emaitza iraultzeko asmoa zangotrabatuz. Zaisa Txingudik ordea, hau aprobetxazeko gogoz zelairatu zen berriz ere, eta maila berarekin segitu zuen jokatzen. Lehen hamabortz minutuetan, gasteiztarren erasoak gelditu zituzten eta baloia kontrolpean eduki zuten. Horrela, Joao Costak defentsa-lerroa hautsi eta hagen azpian entsegua lortu zuen. Echevarriak orduan, hutsik egin gabe, eraldaketa lortu zuen eta 19-0ekoa ipini markagailuan. Hau guti balitz, hurrengo jokaldian, Mikel Genuak kanpokoan defentsaren zuloa aprobetxatu eta Carlos Lora kapitainari eman zion baloia, azken honek laugarren entsegua lortzeko (24-0).
Gauzak honela, etxekoen erritmoak eta intentsitateak behera egin zuen azken minutuetan eta defendatzea egokitu zitzaien. Gasteiztarrek hau aprobetxatu zuten lehen markak lortzeko eta lehen entsegua egiteko gai izan ziren, 63. minutuan (24-5). Zortzi minutu beranduago, mugakoen zigor kolpeak baliatuz, entsegu eremura ailegatu eta hainbat fase kateaturen ondotik, bigarren marka ere lortu zuten, 24-10ekoa ipiniz. Azken minutuetan, urduritasuna izan zen nagusi etxekoen artean, landutako garaipena arriskuan ikusita. Hala ere, burua hotz eta defentsan gogor azalduz, markagailua bere horretan mantentzeko gai izan ziren, nahiz eta bidean Joao Costa galdu, joko zikinaren ondorioz. Edonola ere, Plaiaundin lortutako urteko lehen garaipena izan zen mugakoentzat eta alde horretatik, pozik gelditu ziren egindako lanarekin.
Heldu den asteburuan, Zaisa Txingudik atsedena izanen du eta Biok Txingudi izanen da hauen lekukoa hartuko duena Plaiaundin. La Unica hartuko du senior mailako emakumeen taldeak bertan.
Xabi Sanchez Zaisa Txingudiko jokalariak egin du neurketaren balorazioa.
Txingudi Rugby Taldeko gazteek bi garaipen eta porrot bat eskuratu zituzten
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak hasiera eman zion asteburuko etxeko neurketei. Getxo B jaso zuen bertan eta 27-12ko markagailuarekin irabazi zuten mugakoek. Entsegugileak Thiago Melerio (lau alditan) eta Oier Oliveira izan ziren. Xabier Gorriak gainera, eraldaketa bat sartu zuen.
18 urtez azpiko Gabiria Txingudi/Bera Bera/Baztanek berriz, garaipena eskuratu zuen, baina jokatu gabe. Izan ere, bere aurkaria ez zen Plaiaundira bertarau eta beraz, neurketa bertan behera utzita, mugakoek bortz puntu gehiago batu zituzten sailkapenera.
Azkenik, 14 urtez azpiko Txingudi/Orerea/Baztanek ezin izan zuen Donostian jokatutako neurketa irabazi. Bera berak 36-12ko emaitza lortu zuen, nahiz eta mugakoek euren mailarik onena eman eta partidu berdindua jokatu.