Zaisa Txingudik ezin izan zuen punturik batu Plaiaundin
Txingudi Rugby Klubeko Zaisa Txingudik gogoz hasi zuen urteko lehen partidua etxean, nahiz eta porrota jaso Iruñeako La Unica taldearen kontra (0-27). Lehenengo minututik defentsa sendoa zelairatu zuen etxeko taldeak eta nafarrei puntuak batzea zaildu zitzaien honekin. Edonola ere, intentsitate handiko jokoarekin aritu ziren bisitariak eta baloiaren jabetza eduki zuten minutu luzez. Horrela, behin eta berriz saiatuz, La Unicak lehen puntuak batu zituen markagailuan entsegua eginez hamaseigarren minutuan. Horrez gain, atsedenaldira bidean, bigarren marka ere egin zuten nafarrek eta 0-10ekoarekin joan ziren aldageletara.
Etxekoek erasoan finago ibili behar zirela jakitun, bigarren zatiari ekin zioten. Hala ere, aldaketarik gabe egoteak ez zien lagundu eta La Unicak bere bideari segida eman zion. Bertze hiru entsegu lortu zituen honela talde bisitariak, horietako bat eraldatuz, eta 0-27ko behin-betiko emaitza lortu zuten honela. Azken minutuetan, mugakoek lehen puntuak lortzeko aukera izan zuten, baina Aritz Rodriguezen entsegua ongi blokeatu zuen aurkariaren defentsak.
Porrot honen ondotik, La Unica Bk igoera fasea jokatzeko bidean segitzen du eta Zaisa Txingudik berriz, sailkapeneko zortzigarren postuan mantendu da, Uribealdea Mungiaren gainetik.
Emakumeen errugbia sasoi onean
Emakume errugbilariak protagonistak izan ziren asteburuan Donostian. Gipuzkoa eta Euskadiko federazioek bultzatuta, modalitate berriaren lehen topaketa, emakumee gazteen partehartzea sustatzea helburu duena. Bost jokalarirekin eta plakajerik gabeko modalitate jokatzeko, Atletico San Sebastianen zelaira hurbildu ziren emakumeak lau taldetan banatu ziren eta hainbat partida jokatu ahal izan zituzten. Tartean, Biok Txingudiko Greta Gutierrez, Paula Da Purificaçao, Annie Pascaru, Naia Piquero, Arantxa Imbaquingo eta Maddi Cabrero izan ziren, Onintza Burgeraren zuzendaritzapean eta Asun Gamindezen laguntzarekin.
Mattin Petrikorena Euskadiko selekzioarekin
Txingudiko 16 urtez azpiko Mattin Petrikorena aurrelaria Euskadiko selekzioarekin egon zen asteburuan, Ordizian, talde honek Gaztela eta Leonen kontra jokatutako partiduan. 13-8ko emaitzarekin, etxekoek lortu zuten garaipena. Petrikorena bukaerako hogei minutuetan aritu zen lehen lerroan.