Zaisa Txingudik ezin izan zion Sortzen aurkariaren nagusitasunari aitzin egin
Zaisa Txingudik 87-7 galdu zuen pasa den asteburuan Sortzen C taldearen kontra. Markagailuan aitzina hartzen lehena talde bisitaria izan bazen ere, etxekoek berehala irauli zuten emaitza eta jardunaldiko puntuak ere beraientzat izan ziren. Mugakoek, defentsan lan ona egin arren, jokalari faltagatik baldintzatuak egon ziren partidu guztian zehar.
Iñigo Camarero eta Leire Muñozen jokalariek lehenengo jokaldian lortu zuten entsegu-eremura iristea aurrelariekin jokatutako zigor kolpe baten ondotik. Julen Iglesiasek aurkarien plakaketak desegitea lortu zuen, lehen bost puntuak bereganatuz. Hori gutti balitz, “Lutxo” Echevarriak ez zuen huts egin eta eraldaketa ere sartu zuen, 0-7koa ezarriz. Puntu hauek mugako taldeak jardunaldi honetan lortutako bakarrak izan ziren, Sortzen-ek segidan berdindu zuelako neurketa, baita ondotik irauli ere. Zaisa Txingudik hiru jokalari guttiagorekin jokatu zuen azken jardunaldia eta beraz, defentsan gogor aritu behar izan zen hurrengo minutuetan. Sortzenek bere nagusitasuna erakutsi zuen eta puntuak gehitzen joan zen, atsedenaldira 38-7koarekin iritsiz.
Bigarren zatian, bisitarien defentsak sasoi onean segitu zuen, erasoak geldituz eta konzentraturik jokatuz. Aurkariak gainera, ezin izan zuen diziplina mantendu eta ondorioz, bi txartel hori jaso zituen. Hau ez zen nahikoa izan Sortzenen erasoak gelditzeko. Azken hogei minutuetan, mugakoen indarrek behera egin zuten eta zenbait jokalarik ezin izan zuten lehian segitu. Hau aprobetxatuta aurkariak puntu gehiago batu zituen eta guztira, zazpi entsegu eraldatu lortu zituen neurketa bukaeran. Azkenik, 87-7ko markagailuarekin irabazi zuen eta bost puntu gehiago batu zituen sailkapenean, beheko postuetatik aldenduz.
Honen ondotik, Zaisa Txingudik beharrezko atsedenaldia izanen du hurrengo bi asteburuetan.
Mattin Petrikorena, Euskadiko selekzioarekin Kataluniaren aurka
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeko aurrelaria den Mattin Petrikorenak Euskadiko selekzioaren deia jaso du taldearekin Kataluniaren kontrako partidua jokatzeko.
Iñigo Camarero eta Leire Muñoz entrenatzaileek egin dute azken partiduko balorazioa.