ZAISA TXINGUDIK EZ ZUEN BERE HELBURUA LORTU
Bidasotarrek Uni Bilbao B taldea jaso zuten Plaiaundin larunbatean eta 7-39ko markagailuarekin galdu zuten
Zaisa Txingudik Universitario Bilbao B taldearen aurka jokatu zuen larunbatean denboraldiko 17. jardunaldia eta 7-39 galdu zuen. Bidasotarrek ez zuten beraien helburua lortu, eta Bera Bera Bk Atletico san Sebastianen aurka lortutako emaitzarekin batera, Txingudiren jeitsiera ia erabakita dago.
Partida gogorra eta lehiatua izango zela nabaritu zen hasieratik. Zaisa Txingudi saiatu zen, baina lehengo aukera aurkariek errematatu zuten. 15. minutuan, hainbat faseren ondoren, bidasotarren marka eremura iristea lortu zuen Uni Bilbok eta markagailua beraien alde jarri zuen. Handik zazpi minutura, Txingudi jarri zen aurretik 7-5koarekin, Unai Herreroren entseguari eta Adur Manterolaren eraldaketari esker. 29. eta 31. minutuetan aldiz, aurkarien entseguak etorri ziren berriro eta atsedenaldirako, 7-15ko markagailua ezarri zuten.
Bigarren zatia ildo beretik joan zen baita ere. Etxeko taldeak amore eman eta aurkarien nagusitasunak irabazi zuen partidua. 60. minutuan, Uni Bilboren laugarren entsegua etorri zen, eta azken hamar minutuetan beste hiru entsegu egitea ere lortu zuten aurkariek, markagailua behin betiko 7-39an utziz.
Bidasotarrek hurrengo asteburuan izango dute jeitsiera postua ekiditeko azken aukera. Igandean Riojaren aurka arituko dira, Logroñon, eta bertan bonus puntu bat lortu beharko dute azken postutik aldentzeko. Horrez gain, Bera Bera B eta Elorrioren aurkako neurketaren emaitzaren zain egon beharko dira. Hala eta guztiz ere, zaila izango da hau erdiestea, izan ere, Riojak ere garaipena eskuratu beharra du play-offean sartzeko eta beraien sasoi ona ikusita, dena emango dute zelaian.
(Argazkia: Uni Bilbo)