ZAISA TXINGUDIK EZ DU DENBORALDIKO HELBURUA LORTU
Play off-eko itzulerako neurketa 70-5ko markagailuarekin galdu zuten bidasotarrek Atletico San Sebastian taldearen kontra
Zaisa Txingudik ezin izan zuen denboraldiko helburu nagusia lortu, mailaz igotzea. Edonola ere, urte ona borobildu dute bidasotarrek eta, nahiz eta Atletico San Sebastian taldearen kontra play off-a galdu, urtearen balorazio positiboa egin du klubak.
Hernaniko Landare zelaian jokatu zuten Atletico San Sebastianek eta Zaisa Txingudik play off-eko itzulerako neurketa. Abantailarekin hasi zuten donostiarrek bigarren partidu hau eta horri eutsi nahi izan zioten gogor. Jokoaren nagusitasuna eurek eduki zuten eta bidasotarrei defentsan indartsu egotea egokitu zitzaien.
Atletico SS-ek bere lehen abantailak lortu zituen lehen zatia hasi eta berehala. Txingudikoak ahalegindu ziren honi buelta ematen, baina ezin izan zuten eta oraindik ere, zabalagoa egin zuten markagailuko zuloa etxekoek. 42-0eko markagailuarekin iritsi ziren bigarren zatira bi taldeak.
Hau iraultzea zaila zen Zaisa Txingudirentzat, baina hala ere lehen puntuak biltzea lortu zuten Lasa eta Camareroren mutilek. Azken minutuetan, oraindik ere abantaila gehiago lortu zuen Donostiako taldeak eta horrela, 70-5eko markagailuarekin play offa euren alde erabaki zen.
Nahiz eta denboraldiko helburu nagusia ez lortu, Zaisa Txingudik pozik bukatu zuen Ligako azken neurketa. Gainera, galdu arren, lan ona egin zuen taldeak eta horrela adierazi zuen Iñigo Camarero entrenatzaileak: “Aurredenboraldian aurreko urteko jokalari askok taldea utzi zuten eta hasiberri dexente ere izan genituen. Maila berrira egokitzea ez da erraza eta, gainera, baldintza hauekin egiteak are gehiago zaildu du gure lana. Hala ere, jokalariek partida guztiak borrokatu dituzte, denak batera ikasten eta aurrera egiten joan dira eta datorren denboraldian horrek jarraipena izango du”.
Kopako Txapelketa
Seniorrez gain, Txingudi Rugby Klubeko emakumeek eta eskolako jokalariek (10, 12 eta 14 urtez azpikoak) Kontxako Txapelketan parte hartu zuten. 40 talde lehiatu ziren guztira, eta 600 jokalari baino gehiago ibili ziren errugbiak jokatzen.