Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Mungian

2024/11/12
Uribealdeari 15-22ko markagailuarekin irabazi zion Txingudiko gizonezkoen taldeak. Biok Txingudik berriz, punturik batu gabe bueltatu zen Gasteizetik, Gaztediren kontra 48-0eko emaitzarekin galduta.
Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Mungian
Onintza Burgera

Txingudi Rugby Klubeko senior mailako taldeek ez zuten zorte bera izan asteburuan. Zaisa Txingudik denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen Mungian, Uribealdea taldeari 22-15eko markagailuarekin irabazita. Biok Txingudi berriz, eskuhutsik bueltatu zen Gasteizetik, Gaztediren kontra 48-0eko emaitzarekin galdu ondotik. 

Zaisa Txingudik ez zuen behar bezala hasi asteburuan jokatu zuen partidua. Uribealdearen kontra lehiatu zen eta etxeko taldea izan zen, hain zuzen ere, markagailuan aitzina hartzen lehena (0-5), neurketa hasi eta hirugarren minutuan. Edonola ere, Iñigo Camareroren mutilek ez zuten amore eman eta segidan, Ekain Hiribarrenen eskutik, emaitza berdintzeko gai izan ziren. Atsedenaldira bidean gainera, bertze bortz puntu eskuratu zituen Zaisa Txingudik (5-10), “Lutxo” Echevarriari esker, eta horrela euren alde jarri zuten partidua. 

Bigarren zatiaren hasieran aldiz, indarrez zelairatu zen etxeko taldea eta berriz ere nagusitasuna erakutsi zuten, 15-10 emaitza ezarrita. Neurketaren kontrola eduki zuten Uribealdeakoek eta Txingudik lasaitasuna behar izan zuen, berriz ere indarrez erantzuteko. 73. minutuan ailegatu zen, hain zuzen ere, erantzuna. Carlos Lorak defentsa-lerroa hautsi eta Ekain Hiribarreni eman zion baloia entsegua lortzeko. “Lutxo” Echevarriak ez zuen hutsik egin eta egindako jaurtiketarekin, 15-17ko emaitza ipini zuen, berriz ere bidasotarren alde. Hau guztia gutti balitz, neurketa bukatzeko hiru minutu falta zirela, Ioritz Franco, aurkariak utzitako zulo bat aprobetxatuta, entsegu eremura bakarrik ailegatu eta behin-betiko 15-22ko emaitza ezarri zuen. 

Garaipen honekin, lau puntu batu zituen Zaisa Txingudik sailkapenean, baina ez du aldaketarik izan, azken postuan kokaturik baitago oraindik. Edonola ere, hurrengo asteburuko partidurako indarrez bete ditu jokalariak, Logroñoren kontra jokatu beharren neurketarako hain zuzen ere. 

Biok Txingudi punturik gabe bueltatu zen Gasteizetik

Biok Txingudik sailkapeneko liderra bisitatu zuen pasa den asteburuan Gasteizen. Gaztedi izan zuen aitzinean eta lehen postua ongi merezita duela erakutsi zuen, 48-0 galdu baitzuten Asier Garciaren jokalariek. Lehen minutuetan, ez talde batez ez bertzeak ere, ez zuten nagusitasun garbirik eduki. Talde bisitaria izan zen puntuak batzeko aukera eduki zuen lehen taldea, baina zigor kolpearen jaurtiketak zutoinean eman zuen. Honen ondotik, akats bat aprobetxatuta, Gaztedik ireki zuen markagailua. Kanpora atera ez zen ostikada bat probestu eta, 28. minutuan, entsegua egin zuen aurkariak, 12-0ekoa ezarriz. Honek motibazioa eman zion etxeko taldeari eta geroztik, eurena izan zen nagusitasuna. Joko intentsitatea igo eta atsedenaldira, 24-0ekoarekin iritisi ziren bi taldeak. 

Bigarren zatian, Biok Txingudi markagailua iraultzeko asmoz atera zen zelaira. Lehenengo minutuetan indarrak parekatuak egon ziren, baina etxekoek nagusi izaten segitu zuten. Horrela, puntu gehiago ere batu zituzten, bi entsegu eginda, horietako bat eraldatuz ere (36-0). Mugako taldeak gasteiztarren zelaian jokatzeko aukera izan zuen, baina ez zuen lortu markagailua mugitzea. Azkeneko minutuetan, bertze bi entsegu lortu zituen Gaztedik eta 48-0eko emaitzarekin bukatu zen neurketa. 

Honen odnotik, sailkapenean ez dago aldaketarik eta Biok Txingudi bertze aste batez mantenduko da bigarren postuan.

Xabi Sanchez Txingudi Rugby Klubeko komunikazio arduraduna mintzatu da asteburuko partiduen inguruan.