ZAISA TXINGUDIK DENBORALDIKO LEHEN GARAIPENA ESKURATU DU
Talde bidasotarrak denboraldiko bigarren jardunaldian 5-35ko markagailuarekin menderatu zuen La Unica B
Zaisa Txingudik Iruñeako La Unica B taldea bisitatu zuen pasa den asteburuan, denboraldiko bigarren jardunaldia jokatzeko. Neurketa guztian zehar sendotasuna erakutsiz eta partida kontrolpean edukita, Txingudik 5-35eko markagailuarekin garaitu zituen iruindarrak, guztira bost entsegu egin ondotik.
La Unica indartsu atera zen zelaira, baina bidasotarrek defentsan egin zuten lan onari esker, ezin izan zuen aurrea hartu markagailuan. Hain zuzen ere, puntuak irabazten lehenak Txingudiko jokalariak izan ziren, Adur Manterolak 0-3koa ezarri baitzuen hagen artean ostikatutako zigor-kolpe baten bidez. Hortik aitzinera, mugakoek kontrolpean eduki zuten partida eta puntuak batzen jarraitu zuten atsedenaldira 20ko errentarekin iritsi bitartean, hiru entsegu eta eraldaketa bat egin ondotik.
Bigarren zatian, modu beretsuan jarraitu zuen Txingudik eta bertze bi aldiz ailegatu ziren entsegu-eremura, horietako bat eraldatzea lortuz eta bertze zigor-kolpe bat sartuz. Hala ere, etxeko taldeak ez zituen besoak jaso eta zigor-kolpe bat ere baliatu ahal izan zuen, neurketa honetan entsegu bakarra lortuz eta 5-35eko markagailuarekin partida bukatuz.
Horrela, norgehiagoka bat galdu eta bertze bat irabazi ondotik, Zaisa Txingudi sailkapeneko laugarren postuan kokatu da, 6 punturekin guztira. Aurretik Zarautz KE (8), Bera Bera RT (8) eta Iruña RC (10) taldeak ditu.
(Argazkia: Laura Selgas)