ZAISA TXINGUDIK BOST PUNTU GEHIAGO BATU DITU SAILKAPENERA
Bidasotarrek Zarautz B/Beltzak taldea garaitu zuten 26-42ko markagailuarekin
Zaisa Txingudik, bi asteko atsedenaldia izan ondotik, berriro ekin zion lehiaketari pasa den igandean. Lasarten izan zen taldea Zarautz B/Beltzak-en kontra jokatzen eta bertze garaipen batekin bueltatu ziren etxera, aurkaria 26-42ko markagailuarekin garaituta. Horrela, bolada onari segida emanez, talde irundarrak 5 puntu gehiago batu ditu sailkapenera.
Indarrez ekin zioten neurketari Zaisa Txingudikoek. Lehen 40 minutuetan lau aldiz iritsi ziren marka-eremura, Carlos Lora bitan eta Joao Costa eta Teo Arruti aldi banatan, hain zuzen ere. Etxeko taldeak ere bere jokoa erakutsi nahi izan zuen eta atsedenaldira bidean, entsegu bat egin zuten, baina ez zen nahikoa izan markagailuan hurbiltzeko. Lehenengo zatia beraz, 7-28ko emaitzarekin bukatu zen irundarren alde.
Bigarren zatian, hau konpontzeko asmoarekin zelairatu ziren Zarautz taldekoak. Horrela, bisitariak egindako zigor kolpeak aprobetxatuta, aldea zertxobait murriztea lortu zuten, 26-35ko markagailua ezarrita norgehiagoka bukatzeko bederatzi minutu falta zirenean. Garaipena zintzilika zegoela ikusita, Iñigo Camareroren mutilek defentsa indartu eta intentsitatez eraso egin zuten eta seigarren aldiz lortu zuten entsegu marrara iristea. Horrela, 26-42koa lortu zuten neurketa bukaerarako.
Azken hiru jardunaldietan garaipena erdietsita, sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira bidasotarrak, 17 punturekin guztira. Lehen postuan Iruña RC taldeak jarraitzen du, 24 punturekin eta atzetik, hirugarren postuan, Bera Bera dago kokatuta, 16 punturekin guztira. Horrela, abenduaren 11ko asteburuan, Zaisa Txingudik Nerbioi taldea bisitatu beharko du urteari bukera emateko.