ZAISA TXINGUDIK BERE LEHEN GARAIPENA ESKURATU DU
Larunbatean jokatu zuten bidasotarrek Bera Bera B-ren aurka eta 8-17ko garaipena eskuratu zuten
Zaisa Txingudik, larunbat arratsaldean, denboraldi honetako lehen garaipena erdietsi zuen Bera Bera B taldearen aurka. Bidasotarrek oso beharrezkoa zuten irabaztea eta helburua lortuta itzuli ziren etxera, 8-17ko markagailua eskuratu ondoren.
Mugako taldea bizi eta sendo atera zen zelaira lehendabiziko zatian eta aurkariek egin zituzten akatsak probestuta, lehen puntuak lortu zituen markagailuan aurretik jarriz. 30. minutuan Ugo Poncinik egindako jaurtiketa batekin, 0-7koa eskuratu zuen taldearentzat. Tentsioz betetako minutuak etorri ziren ondoren, eta horregatik aldi baterako kanporaketak jaso zituzten bi taldeak ere. Atsedenaldia baino lehen, etxekoek aukerak izan zituzten markagailuan hurbiltzeko, baina Txingudik defentsa lan ona egin eta ezerezean utzi zituen saiakera horiek.
Bigarren zatian berriz, bidasotarrek erritmo falta erakutsi zuten hasieran eta horrek etxekoek puntuak irabaztea ekarri zuen, 5-7koa eskuratuz entsegu baten bidez. Gainera, hurrengo minutuetan aurretik jartzea ere lortu zuten, Txingudik egindako zigor kolpe bat baliatuz (56. minutuan, 8-7). Bidasotarrek, orduan, neurketak ihes egiten ziela ikusita, indarberritu eta gogor hasi ziren berriz ere lehian. Horrela, 63. minutuan, Unai Herrerok ostikada bat blokeatu eta entsegua egin zuen, gero Poncinik eraldatu zuena 8-14koa lortuz. Hori nahiko ez eta azken sei minutuetan, Poncinik berriro zigor kolpe baten bidez behin betiko 8-17koa ezarri zuen markagailuan.
Garaipen garrantzitsu honekin, Txingudik sailkapeneko azken postuan jarraitzen badu ere, jeitsiera postutik puntu bakar batera dago.
(Argazkia: Alejo Lasa)