ZAISA TXINGUDIK BERE EGUNA OSPATUKO DU BIHAR
Prestatutako ekitaldien artean, klubeko talde guztiek touch errugbi txapelketa bat jokatuko dute
Bihar, ekainak 4, Zaisa Txingudik bere eguna ospatuko du Plaiaundin. Horretarako, klubeko maila guztietako taldeek touch errugbi txapelketa bat jokatuko dute. Bertan egongo dira senior jokalariak, touch modalitatekoak eta 14, 16 eta 18 urtez azpikoak. Denboraldiko sari banaketa egiteko ere aprobetxatuko dute eguna eta hirugarren denborarekin borobilduko dute ekitaldia. Hau egin ondoren, Plaiaunditik Irungo Kale Nagusira joango dira, klubeko tabernan festa jarraitzeko.
Denboraldi amaiera touch eta senior taldeentzat
Aurreko astean eman zioten klubeko taldeek amaiera denboraldiari, modu ofizialean. Alde batetik, touch taldeak Espainia eta Frantziaren arteko M40 mailako nazioarteko topaketarekin borobildu zuen urtea. Klubetik aipatu nahi izan dute “lehiaketa ofizial honetan debuta egin ostean, talde honek lehen mailarako igoera erabaki duen azken kanporaketarako anfitrioi izatera iritsi dela”. Gainera, kluba nazioarteko txapelketa hau antolatzeaz arduratu da eta estatuko selekzioan ordezkaritza handia izan du, klubetik jakinarazi dutenez. Bertan izan ziren, besteak beste, Hiribarren, Ekaitz Aia, Asier Amigo, Carlos Lora, Jenö Kocsis, Julen Lazzaro eta Luken Barros.
Seniorrek ere Lekarozen amaitu zuten denboraldia, pasa den asteburuan. Bertan, zazpiko errugbi txapelketa jokatu zuten, Baztan Menditarrak, Zarautz RT eta Manresa RC taldeen aurka. Txingudikoek baztandarren eta zarauztarren aurka galdu zuten, 24-0 eta 36-12ko markagailuekin hurrenez hurren. Manresaren aurka, aldiz, garaipen zabala eskuratu zuten bidasotarrek, 47-29koarekin, txapelketako hirugarren postua lortuz. Partidan Ramon Bergua, Adur Manterola, Aitor Asurmendi, Ekain Hiribarren, Ekaitz Aia, Asier Amigo, Carlos Lora, Jenö Kocsis, Julen Lazzaro eta Luken Barros aritu ziren.
Zaisa Txingudiren zazpiko txapelketan egindako jokaldirik onenen bideoa hemen ikusgai:
Itsasmendi txapeldunorde Euskadiko B mailan
18 urtez azpiko jokalariak ere Lekarozen egon ziren aurreko asteburuan, Itsasmendirekin Euskadiko B txapelketako finaleko itzulerakoa neurketako jokatzen. Zaisa Txingudi, Baztan Menditarrak eta Zarautz RT nahasten dituen talde hau Riojaren aurka aritu zen, eta nahiz eta joaneko partidak ia erabakita zuen emaitza (69-21, Riojaren alde), Itsasmendik bere ahalegin guztiak egin zituen garaipena eskuratzeko. Hala ere, ezin izan zen eta 12-76ko markagailuarekin irabazi zuten errioxarrek. Horrela, Itasmendi Euskadi B mailako txapeldunorde bilakatu zen.
Klubak azpimarratu nahi izan du talde honek urte guztian egindako lana. Horren erakusle izan da denboraldiko hamar neurketetatik sei irabazi dituztela, soilik Riojaren aurka galduz, eta horregatik, txapelketako finala jokatzera iritsi direla.
(Argazkia: Baztan RT; zazpiko txapelketa jokatu duten lau taldeak)