ZAISA TXINGUDIK BERA BERA B-REN AURKA GALDU ZUEN

2021/11/16
ZAISA TXINGUDIK BERA BERA B-REN AURKA GALDU ZUEN
Zaisa Txingudi 3
8 Bera Bera B

Lehia bizian jokatutako partidua 3-8ko markagailuarekin amaitu zen

Larunbat arratsaldean Zaisa Txingudi taldeak hitzordua izan zuen Plaiaundin Bera Bera B-ren kontra, ligako laugarren jardunaldia jokatzeko. Bi taldeak aurkari zuzenak ziren ordu arte, izan ere, biak puntuetan berdinduta zeuden sailkapeneko azken postuetan. Aurreikusten zen moduan, neurketa oso parekatua eta oso lehiatua izan zen, eta Txingudik lan ikaragarria egin zuen. Hala ere, ezin izan zioten donostiarren defentsa sendoari aurre egin.

Lehenengo zatiko 12. minutuan hasi ziren mugimenduak zelaian, etxeko jokalaria den Adur Manterolak txartel horia jaso eta hamar minutuz kanporatua izan zenen. Honen ondorioz, Bera Berak zigor kolpe bat egin eta lehendabiziko hiru puntuak irabazi zituen. Neurketak indar berean jarraitu zuen, faltaz beteriko jokaldiekin, eta 30. minutuan kanporaketa Bera Berak jaso zuen, taldea jokalari bat gutxiagorekin utzita. Hala ere, ez zen bakarra izan, Txingudik ere sei minutu beranduago zigor bera jasota, Joao Costa gabe jarraitu behar izan zuen partidua. Tartean, donostiarrek beste bost puntu eskuratu zituzten (0-8) zigor kolpe baten ondoren baloia entsegu marraren atzetik utzi zutenean.

Bigarren zatia ere berdintsua izan zen, baina oraingoan etxekoek aukera izan zuten markagailuan puntuak gehitzeko. 45. minutuan Bera Berak jaso zuen eguneko azken txartel horia, eta etxekoek berriz 69. minutuan, Unax Dominguezen kiroltasunik gabeko jokabidearengatik. Horrela, etxekoek zigor kolpe bat zutoinetara bota zuten eta honekin, hiru puntu erdietsi zituzten partidu amaierarako.

Jardunaldi honetan lorturakoarekin, Txingudik puntu bat gehitu zuen sailkapenean eta larunbateko areriotik hiru puntura kokatu zen. Hurrengo hitzordua berriz, kanpoan izango dute eta Sarako Izarraren aurka izango da.