ZAISA TXINGUDIK AZKEN MINUTUETAN GALDU ZUEN GAZTEDIREN KONTRAKO NEURKETA
Txingudi Rugby Klubeko emakume taldeak Mungian jokatu zuen denboraldiko bigarren lagunartekoa
Zaisa Txingudik Gaztedi B taldearen kontra porrota jaso zuen, azken minutuetan galdutako nagusitasunagatik. Bigarren postuan egonkortzeko borroka zuten hau mugakoek eta bertan kokatuta segitzen badute ere, puntu bakarrera hurbildu dira orain gasteiztarrak.
Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren taldeak aurrea hartzeko aukera izan zuen neurketaren lehen minutuetan. Adur Manterolak ostikatutako zigor kolpe batekin, 0-3ko markagailua ezarri zuten txingudikoek. Hala ere, Gaztedik ez zituen besoak jaso eta irundarrek egindako akatsak aprobetxatuta, entsegu bat eraldatu eta 7-3koa eskuratu zuten atsedenaldirako.
Bigarren zatian gainera, abantaila hau handitzen joan ziren etxekoak eta Rodri Combinak egindako kolpearekin 14-3koa jarri zuten euren alde. Zaisa Txingudik indarrez erantzun zion honi eta, Erlaitz Ayuelak eta Ioritz Francok egindako marka banari eta Adur Manterolak egindako bertze eraldaketari esker, emaitza irauli zuten (14-15). Hurrengo jokaldian aldiz, gasteiztarrek aurrea hartu zuten bertze behin (21-15).
Neurketa bukatzeko hamabost minutu falta zirenean, Ramon Berguak bost puntu batu zituen Txingudiren markagailura eta 21-22koa ezarri zuen. Gaztedik ezin zion garaipenari ihes egiten utzi eta laugarren marka lortuta, 26-22koa eskuratu zuten. Bidasotarrek saiatzen segitu zuten, baina akatsak ere izan zituzten eta puntuak batu ezinik egon ziren azken minutuetan. Horrez gain, etxekoek kontraerasoa egin eta bostgarren marka lortu zuten, 31-22koa lortuz behin-betiko.
Zaisa Txingudik, neurketa hau galdu arren, sailkapeneko bigarren postua mantentzen du. Hala ere, Gaztedi B puntu bakarrera hurbildu zaio eta beraz, mugakoek borrokan jarraitu beharko dute postu hori egonkortzeko. Horrela, martxoaren 18an Zarautz B/Beltzak taldearen kontra jokatu behar duen neurketari final baten antzera egin beharko diote aurre.
Emakumeak Mungian
Txingudi Rugby Klubeko emakumeek Mungian jokatu zuten denboraldi honetako bigarren lagunartekoa. Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen hamabostekoa hau izan zen: Michelle Orozco, Naroba Catalan, Lucia Duran, Maidez Diaz, Paula da Purificaçao, Lupe Pescador (kapitaina), Onintza Burguera, Maier Aia, Luma Altube, Aitana Garrido, Greta Gutierrez, Laida Rodriguez, Silvana Ors, Lorena Cueva eta Maddi Cabrero.
Bizkaitarrek nagusitasuna erakutsi zuten partidu guztian zehar, eta bidasotarrek gauza ezberdinak probatu zituzten hauen indarra ahultzeko. Maier Aia joko zabaltzaile lanetan aritu zen eta Lupe Pescadorren lesioaren ondorioz ere, joko ezberdina zelairatu behar izan zuten neurketaren erdian. Honez gain, bertze baja batzuk ere izan zituzten taldean: Irati Lazkano eta Claudia Barbero lesionaturik, Ainara eta Iraide Varela gaixorik, eta Helene Tristan.
Honekin guztiarekin, taldeak maila ederra eman zuen Atxurizubi zelaian, nahiz eta ezin izan zuten entsegurik lortu. Hala ere, taldea sendotzen ari dela erakutsi zuten eta itxaropenez begiratzen diotela etorkizunari.
14 urtez azpiko taldearen garaipena
Helene Tristan ezin izan zen emakumeekin lehiatu, 14 urtez azpiko taldearekin Hernani B/Atletico taldearen kontra jokatu zuelako. Maila ederra eman zuten hauek ere eta nagusitasunez irabazi zuten partidua. Garaipen berri honekin, sailkapeneko goiko postuetara hurbiltzea ahalbidetu dio Txingudi eta Baztanek osatutako taldeari.
Eki Fanlo Kanadako Munduko Errugbi Zazpiko serieetan
Eki Fanlok, nazioarteko errugbi epaile irundarrak, bertze lau partida garrantzitsu epaitu ditu azken asteburuan. Hain zuzen ere, Kanadan jokatzen ari den Munduko Errugbi Zazpiko serieetan lau neurketa epaitu ditu Fanlok: Australia eta Japoniaren artekoa, Fiji eta Kolonbiakoa, Britainia Handia eta Kolonbiako eta Brasil eta Kolonbiaren artekoa. Txingudi Errugbi Klubetik zoriondu nahi izan dute Fanlo eta bere ibilbidean zorte ona opa.