Zaisa Txingudik azaroaren lehenean jokatuko du Uni Bilbo Cren kontra
Txingudi Rugby Klubeko zenbait talde martxan izanen dira asteburuan. Jaieguna tarteko, jardunaldia aitzinatzeko baliatuko dute ere. Zaisa Txingudik adibidez, bihar (azaroaren 1ean), jasoko du Plaiaundin Uni Bilbo C taldea 16:00etan. 16 urtez azpikoek ere aurkari bera izanen dute, baina hauek kanpoan. Ortziralean ere, 11:00etan, jokatuko dute asteburuko jardunaldia. Azkenik, 18 urtez azpikoak Donostian izanen dira larunbatean, Uribealdea Urduliz taldearen kontra lehian.
Plaiaundira bueltatuko da Euskal Liga asteburuan. Ortziralean, azaroaren lehenean, Zaisa Txingudik Uni Bilbo C jasoko baitu, 16:00etatik aitzinera. Ligako liderra da aurkaria eta neurketa gogorra aurreikusten dute, ikusirik elkarren kontra jokatutako azken hiru partiduetan bilbotarrak atera direla garaile. Mugakoek ez dute nahi bezala hasi denboraldia, izan ere, maila ona erakutsi arrean, nekea nabaritzen dute partiduen azken minutuetan. Edonola ere, lehiaketa martxa hartzen ari dira Iñigo Camareroren mutilak eta gogoz saiatuko dira puntuak etxean uzten. Horrez gain, biharko neurketa berezia ere izanen da bidasotarrentzat, Odei Alonso aurrelaria bueltan egonen baita zelaian, lesio batengatik urtebete jokatu gabe egon ondotik.
16 urtez azpiko taldea Bilbon
16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak ere seniorren aurkari bera izanen du, baina hauek bisitari moduan ariko dira. Uni Bilbo izanen dute aitzinean, ortziralean ere, 11:00etan. Taldeak galdu gabe hasi du denboraldia, bi partidutik bi irabazita, eta bederatzi puntu batu ditu dagoeneko sailkapenera. Hain zuzen ere, biharko aurkariarekin berdinduta dago, hauek ere bi neurketak gainditzeko gai izan direlako.
18 urtez azpikoak Donostian
18 urtez azpiko Txingudi/Bera Bera /Baztan taldea berriz, Donostian izanen da larunbaten, azaroaren 2an. Hauek Uribealdea Urduliz taldea izanen dute aurkari, Kote Olaizola estadioan. Ez dute ongi hasi denboraldia mugakoek eta asteburu honetan ere neurketa gogorra izanen dutela aurreikusi dute, bizkaitarrak sailkapeneko lider baitira. Hala ere, pasa den denboraldian, egoera beretsuan zeuden bi taldeak elkarren kontra jokatu zutenean eta bidasotarrek lortu zuten garaipena. Hori eredutzat hartuta, lan gogorra eginen dute denboraldi honetako lehen puntuak eskuratzeko.