Zaisa Txingudik Arratiko Zekorrak taldea garaitu zuen Plaiaundin

2025/04/08
Txingudi Rugby Klubeko senior mailako gizonezkoek zailtasunekin baina garaipena eskuratuta bukatu zuten Plaiaundin jokatutako neurketa. Arratiko Zekorrak izan zuten aitzinean eta 52-26ko emaitzarekin irabazi egin zuten.
Zaisa Txingudik Arratiko Zekorrak taldea garaitu zuen Plaiaundin
Zaisa Txingudi 52
26 Arratiko Zekorrak

Zaisa Txingudik 52-26ko markagailuarekin garaitu zuen, pasa den larunbatean Plaiaundin, Arratiko Zekorrak. Bi zati desberdin ikusi ahal izan ziren Irungo zelaian, baina azkenean garaipena etxean gelditu zen, denboraldiko azken txanpa hau sentsazio onekin jokatuz. 

Arratiko Zekorrak taldea jokalari gutirekin zelairatu zen Plaiaundin, baina hori ez zen eragozpena izan lehen puntuak eskuratzeko, hirugarren minutuan lortu baitzuten 0-5ekoa ezartzea. Zaisa Txingudik azkar erantzun zuen eta, Aritz Rodriguezen bitartez, beridnketa lortu zuten. Etxekoei kosta egin zitzaien etxean euren lekua hartzea eta ahulezia horiek aprobetxatuz, bisitariek zigor kolpe bat hagetara ostikatuz, hiru puntu gehiago lortu zituzten (5-8). Hurrengo minutuetan etxekoak izan ziren nagusi eta aitzina hartu zuten markagailuan, Juan Carlos Loraren entsegu batekin eta ondotik etorri zen “Lutxo” Echevarriaren eraldaketarekin (12-8). Hala ere, atsedenaldira bidean, Arratiko Zekorrak emaitza iraultzeko gai izan zen, etxekoek defentsan izandako zailtasunak baliatuz (12-14). 

Bigarren zatian, Zaisa Txingudik akatsak egiten zuen eta bisitariek aukera horiek baliatu zituzten bi taldeen arteko aldeak handitzeko (12-21). Honen ondotik, Igorrekoak hamahiru jokalarirekin gelditu ziren, lesioak medio, eta etxekoak euren jokoa egiten hasi ziren. Baloia berreskuratu eta hainbat faseren ondotik, Pablo Besgak aarden kontrako plakaje bat jaso zuen eta zigor entsegu bat eskuratu zuten euren alde, 19-21ekoa ezartzeko. Hurrengo jokaldian, bertze zazpi puntu gehitu zituzten mugakoek, Odin Gutierrezen entsegua eta “Lutxo” Echevarriaren ostikadarekin (26-21). Dinamika onean zeudela aprobetxatuz, puntuak batzen segitu zuten etxekoek bisitariek indarrak baretuz. Azkeneko minutura arte borrokan aritu ziren eta tarte ezabaezina ireki zuten markagailuan euren alde. Bizkaitarrek abantaila hau murrizten saiatu ziren, baina ez zen nahikoa izan etxekoen nagusitasuna deuseztatzeko. Azkenik, Juan Carlos Lorak eta Odin Gutierrezek entsegu bana egin zuten eta “Lutxo” Echevarriak eraldaketa bat lortu ere, buakerako 52-26koa jarriz.

Garaipen honekin, Zaisa Txingudik bonus puntu bat gehitu du sailkapenean eta seigarren postua igo da. 

14 urtez azpiko taldea Gipuzkoako Txapelketaren finalean

14 urtez azpiko Txingudi/Orereta/Baztan taldeak Hernani/Atletico San Sebastianen kontra jokatu zuen, pasa den larunbat goizean, Gipuzkoako Txapelketaren finalerdia. Mugakoek 35 puntuko abantailarekin ekin zioten itzulerako partiduari, baina ez zuten lasaitzeko tarterik eduki. Lehen minutuetatik urduritasuna nabaria zen zelaian eta 12-0 galtzen hasi ziren. Hala ere, egoerari buelta eman zioten eta berdinketa lortu zuen. Azken minutuetan, mugako taldeak finalera sailkatzea lortua zuenean, etxekoek garaipenaren entsegua egin zuten, 17-12koa ezarriz. Hala ere, joaneko partiduaren abantaila kontuan hartuta, mugakoak izan ziren finalerako txartela lortu zuen taldea. Finala heldu den larunbatean, apirilaren 12an, jokatuko da Bultz Bera Bera taldearen kontra. 

16 urtez azpiko taldeak porrota jaso zuen Arrasaten

16 urtez azpiko Txingudi/Baztan taldeak Arrasaten hasi zuen Euskal Ligako azken fasea. Hiruherri taldea izan zuen aurkari eta lehen minutuetatik, jokoa menperatu zuen honek. Aukera guztiak entsegu bilakatu zituzten eta 40-5eko emaitzarekin garaipena eskuratu zuten.