ZAISA TXINGUDI EZ DA PLAY-OFFERAKO SAILKATU
Gaztedi Bren kontrako denboraldiko azken partiduan 17-29 galdu zuen Iñigo Camareroren taldeak
Txingudi Rugby Klubeko gizonezko seniorrek denboraldiko azken partidua galdu egin zuen Plaiaundin. Gaztedi B jaso zuen Zaisa Txingudik eta 17-29ko markagailuarekin porrota jaso zuen, play-offa jokatzeko beharrezko saikapeneko postuak lortu gabe.
Neurketa Zaisa Txingudiren alde hasi zen, 3-0eko markagailuarkein, Alejandro Lasak lortutako zigor kolpe baten bidez. Hala ere, bisitariak indarra hartzen joan ziren eta bi entsegu lortuta, 3-10eko emaitza lortu zuten. Etxekoak saiatu ziren emaitza berriz ere iraultzen, baina gasteiztarrak fin ibili ziren baloiak lapurtzen, baita kontraerasoan ere, eta 3-17ra ireki zuten beraien aldeko errenta. Atsedenaldira, 3-22koarekin ere ailegatzea lortu zuten.
Bigarren zatian, indarrez zelairatu ziren Iñigo Camareroren mutilak eta Roman Solisek egindako entseguarekin eta Alejandro Lasak egindako eraldaketarekin, 10-22koa ezarri zuten markagailuan. Jokoa hagitz berdindua egon zen hurrengo minutuetan, baina Gaztedik bere azken entsegua egitea lortu zuen (10-29). Etxekoek ere azken aukera eduki zuten eta Adur Manterolak eraldatu zuen Lasak egindako entsegua, 17-29koa ezarriz behin-betiko.
Porrot honekin, Zaisa Txingudik ezin izan da play-offerako postuetan sailkatu eta laugarren postuan bukatu du aurtengo denboraldia, 33 punturekin guztira. Uni Bilbo C izan da Ligako txapelduna, baina ezingo da mailaz igo Uni Bilbo B Euskal lehenengo mailan nagoelako. Horrela, Zornotzako Urgozo izanen da zuzenean mailaz igoko dena eta La Unica Bk eta Atletico San Sebastianek jokatuko dute play-offa. Zaisa Txingudiren gibeletik, Gaztedi B, Zarautz B/Beltzak, Arratiko Zekorrak eta Bera Bera B sailkatu dira.
Gazteen emaitzak
18 urtez azpiko Bera Bera/Txingudi taldeak Durangoren kontra, 15-89ko markagailuarekin, garaipena lortuta bukatu du denboraldia. 16 urtez azpiko taldeak berriz, Gabiria Txingudi/Baztanek, ezin izan zuen La Unica garaitu eta 15-22ko emaitzarekin porrota jaso zuen.
(Argazkia: Onintza Burgera)