Zaisa-Irunek ezin izan du denboraldia igoerarekin borobildu
2015/05/10
Euskal Ligako bigarren mailan jarraituko du Zaisa-Irunek. Hernani Bren aurkako play off-a jokatu zuen larunbatean Plaiaundin, baina ez zuen etxean aritzearen abantaila baliatu. Urtean zehar Ohorezko Mailako taldean aritu diren zenbait jokalari zelairatu zituen kanpoko taldeak. Ondorioz, jokalarien banakako kalitatea agerian gelditu zen. Zaleek Plaiaundiko harmaila bete eta giro ederra jarri zuten. Irungo taldeak, aldiz, ezin izan zuen festarako arrazoirik eman. Intentsitatea eta egindako ahalegina zalantzan jartzerik ez dago. Baina Hernani B gehiago izan zen, eta mailari eutsi zion, irundarren ametsa zapuztuta. Ligako bigarren itzuli ikusgarriarekin konformatu beharko du Zaisa-Irunek. Hurrengo urtean saiatuko da mailaz igotzen.