XIII. BIDASOA RALLYA OSPATUKO DA ASTEBURU HONETAN

2022/03/31
XIII. BIDASOA RALLYA OSPATUKO DA ASTEBURU HONETAN

Sardara eskuderiak antolatuta, 78 kotxe lehiatuko dira apirilaren 2an Hondarribia eta Irungo errepideetan

Aurreko bi urteetan, pandemiaren ondorioz, Bidasoa Rallya bertan behera gelditu behar izan zen. Aurten aldiz, Sardara eskuderiak lortu du lasterketa aurrera eramatea eta larunbat honetan, apirilaren 2an, ospatuko da Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izango den proba hau. XIII. edizioa da aurtengoa eta 78 kotxek hartuko dute parte.

Pandemiak ez, baina eguraldiak baldintzatuko du edizio berri honetako lasterketa. Euria eta hotza iragarria da, baita elurra ere zenbait lekutan, baina Sardara eskuderiako Jon Amiamak atzoko prentsaurrekoan aipatu zuen bezala, “ez dugu B planik”. XIII. Bidasoa Rallya jada martxan da eta aitzinera jarraituko du. Beraz, ortzirale eta larunbatean Hondarribia eta Irungo errepideetan lasterketaz gozatzeko aukera egongo da.

Bihar, apirilaren 1ean, kotxeen aurkezpena eta egiaztapena egingo dute Hondarribiako kirol-kaian. Arratsaldeko 17etan hasiko da ekitaldia egiaztapenarekin eta 20:30ean izango da aurkezpena. Amiama oso pozik azaldu zen aurtengo parte-hartzearekin, izan ere, 78 kotxek eman dute izena dagoeneko: “Kontent nago lehengo urtean lasterketa batzuk bertan behera gelditu zirelako partehartzaile gutxi zeudelako. 78 kotxek izen ematea Hondarribian afizioa dagoelako da, baita Nafarroan ere, Lesakatik, Beratik eta Iruñeatik ere etorriko baitira gidariak”.

Larunbatean berriz, lasterketaren eguna izango da eta goiz-goizetik ibiliko dira kotxeak lehian. Zazpi zati osatu beharko dituzte partehartzaileek guztira. Goizean, Castillo Ingles izeneko bidea egin beharko dute bi aldiz, bata 9:00etan eta bestea 11:00etan. 9:30ean eta 11:50ean berriz, San Marcialeko atala osatu beharko dute. Horren ondoren, geldialdi bat egingo dute gidariek eta berriz ere martxan jarriko dira eguerdiko 14:30ean. Orduan, Jaizkibeleko ibilbidean lehiatuko dira bidea hiru aldiz osatu beharko dutelarik, 14:30ean, 16:20ean eta 18:10ean. Sailkapenerako, zazpi zati hauetan egindako denbora hartuko da kontuan.

Iñigo Cuesta Federazioko lehendakariak azpimarratu zuenez, “Castillo Ingleseko zatia oso teknikoa da. San Marcialekoan aldiz, motza izanda, oso erraza izango da akatsak egitea. Jaizkibelen ere teknika lana oso beharrezkoa izango da. Beraz, goizetik arratsaldera aldaketak egon daitezke denboretan”. Cuestak ere errepidean mozketak egongo direla jakinarazi zuen: “Castillon goizeko 8:00etan itxiko da errepidea, eta San Marcialen 8:30ean. Jaizkibeletik berriz, eguerdiko 13:30etik aitzinera ezingo da pasatu”.

Azkenik, Kalixa Silanesek, Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotziak, Sardara eskuderia eskertu nahi izan zuen kirol proba hau antolatzeagatik. Gainera, “pazientzia” eskatu nahi izan zien bizilaguneei “egingo diren trafiko mozketengatik”. Hala ere, “ikuskizun politaz” gozatzeko aukera egongo dela aurreratu zuen eta nahiz eta “zorionez egoera normalago batean” ospatuko den lasterketa, Silanesek “jende pilaketak egongo dira ostiral arratsaldeko ekitaldietan eta maskararen erabilera” gogorarazi nahi izan zuen.