XABIER ALONSO, ultrafondista: “Proba luzeetan, sekulako beheraldiak izaten dituzu”

2016/10/27
XABIER ALONSO, ultrafondista: “Proba luzeetan, sekulako beheraldiak izaten dituzu”

Erronkaz-erronka egiten du aurrera Xabier Alonsok. Maratoiak labur geratu zitzaizkion, eta 100 kilometroko probekin ausartu zen. Denborarekin, 200dik gorakoak egin ditu, eta 24 ordukoak ere bai. Azaroaren 27an, 100 kilometroko Munduko Txapelketan parte hartuko du, Murtzian. Ricardo Toro herrikidearen marka hobetzea du helburu (7:26). Aitzindaria izan zen Toro ultrafondoko probetan, eta haren bideari heldu dio orain Alonsok. 36 urterekin, uste du oso gaztea dela, oraindik, horren proba luzeetarako. Baina maila ona ematen ari da, hala ere.

Zegama-Aizkorri prestatzeko hasi zinen korrika. Gogor ekin zenion, gero.

Bai, ni txirrindularitzan lehiatzen aritu nintzen, jubeniletara arte. Gero zikloturista ibili nintzen urtetan. Mendira joatea ere atsegin nuen, eta mendi lasterketen moda hasi zenean, Zegama-Aizkorri maratoirako izena eman nuen. Berako mendi maratoi erdia egin nuen lehenago, eta gustatu zitzaidan.

Normalean, errepidean ibiltzen diren atletek mendirako jauzia ematen dute. Zuk, berriz, alderantzizko bidea egin duzu. Zergatik?

Ehun Milak proba ere egin izan dut behin baino gehiagotan. Baina kontua da, mendian, oinez joan zaitezkeela tarteka, jaitsierak ere badituzula, eta ondorioz, esfortzua oso irregularra dela. Asfaltoan, aldiz, antzeko erritmoari eutsi behar diozu, eta urratsak berdinak dira beti. Askoz astunagoa da.

Hori ona da? Erakargarria iruditzen zaizu?

Niri gero eta erronka handiagoak bilatzea gustatu izan zait beti. Gainera, uste dut beste filosofia bat dutela ultrafondoko lasterketek. Erronka dira, lehia baino gehiago. Korrikalarion laguntzaileek, adibidez, parte hartze handia izaten dute. Estatuan ez dago ultrafondoko lasterketen tradiziorik, baina Frantzian, Alemanian edo Europako beste herrialde batzuetan, oso giro polita izaten da probetan.

Proba bereziak egin dituzu. Zeintzuk azpimarratuko zenituzke?

Spartathlon egin dut, Grezian. Atenas eta Esparta lotzen dituen lasterketa da, 246 kilometrokoa. Herodoto historialariak kontatzen duenaren arabera, k.a.490. Urtean Filipides mezulariak distantzia hori osatu zuen egun eta erdian, Maratongo guduan zehar, Espartara laguntza bila joateko. Oso lasterketa berezia da. Zuriz jantzita joan beharra dago, eta iturri sakratu bateko ura ematen dizute. Helmugara iristen zarenean, Leonidasen estatuari musu eman behar diozu, eta oliba hostoekin egindako koroa jartzen dizute ondoren.

Milano-San Remo ere egin nuen (290 km). Autoz egin zuten, lehenengo, lasterketa hori. Gero bizikletan egin ote zitekeen probatu zuten, eta klasiko famatu bilakatu zen. Orain, korrika ere egin daitekeela frogatu dugu.

“100 kilometrotik gorako lasterketetan, gorputza esfortzura ohitzea bezain garrantzitsua da motibatuta egotea, gogoa aritzea”

Nola entrenatzen duzu? Ezingo duzu astero 100 kilometroko entrenamendua egin.

Regulo Martinez entrenatzaileak egiten dit planifikazioa, baina nire egoeraren arabera moldatzen dut. Orain, 100 kilometroko lasterketa bat prestatzen ari naizela, larunbatetan 30 kilometroko entrenamendu bat egiten dut, eta 50eko beste bat igandean. Astean zehar, serieak. Spartathlon bat, edo 24 orduko lasterketa bat prestatzeko, aldiz, 12 orduko irteerak egin izan ditut, bidean jateko geldituz etab. 100 kilometrotik gorako lasterketetan, gorputza esfortzura ohitzea bezain garrantzitsua da motibatuta egotea, eta gogoz aritzea. Proba luzeetan, sekulako beheraldiak izaten dituzu. Oso kontzentratuta egon behar duzu. Arlo mentalean orekatuta egotea oso garrantzitsua da.

Beste xehetasun asko egongo dira, kontuan hartu beharrekoak.

Bai, noski. Hasieran ez nuen ideiarik, baina esperientziarekin ikasiz joan naiz. Zein arropa eraman, baselina non eman, zer eta nola jan etab. Elikadurarena konplikatua da, adibidez, nik oraindik ez dut ondo asmatzea lortu. Lasterketa labur batean, xehetasun horiek ez dute garrantzi handirik. Baina zortzi ordutik gora korrika aritzeko, kontuan hartzeko modukoak dira.

100 kilometroko Munduko Txapelketan parte hartuko duzu. Gogoz?

Ezustean harrapatu ninduen. Espainiako Txapelketan parte hartu nuen, baina nire marka hobetzeko asmoz, sailkatzeko helbururik gabe. Bigarren izan nintzen, eta Mundialean parte hartzeko plaza lortu nuen. Lasai joango naiz, presiorik gabe. Animatuta nago, dena den. Mundu mailako onenen artean ariko naiz.

Nolako lasterketa espero duzu? Zein helburu jarri diozu zure buruari?

7:38 da nire marka onena, baina uste dut hobetu dezakedala. 10 kilometroko zirkuitua izango da, bihurgune askorik gabekoa, eta lau-laua. 7:20 inguruan egon naitekeela uste dut. Maila handiko aurkariak egongo dira, eta lehia handiagoa izango da.

Bestalde, pozik nago, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldea ordezkatuko dudalako Mundialean. Oso harro nago klubaren parte izateaz, sekulako lana egiten duelako haurrekin, atletismoaren balioak transmitituz.

“Egia da asfaltoan korrika egitea oso agresiboa dela, eta belaunek eta gerriak asko sufritzen dutela”

Mundialaren ondoren atsedena hartuko duzu?

Azaroaren 27an izango da Mundiala, eta abenduaren 17an 24 orduko lasterketa batean parte hartuko dut, Bartzelonan. 220 kilometroak gainditzea dut helburu. Ezin dut aste betez geldirik egon, nahiz eta jakin gorputzak atsedena behar duela. Egia da asfaltoan korrika egitea oso agresiboa dela, eta belaunek eta gerriak asko sufritzen dutela. Kontziente naiz. Baina irauten dudan bitartean, aurrera.