Vila Bira Martxa Zikloturista ospatuko dute Hondarribian urriaren 12an

2024/10/10
Bi ibilbide izanen dira aukera, 115 kilometroko luzea eta 84 kilometroko motza, eta aurten berrikuntza moduan, eskualdeko txirrindulari ttikienentzat ere ibilbide bat prestatu dute.
Vila Bira Martxa Zikloturista ospatuko dute Hondarribian urriaren 12an

Vila Bira Martxa Zikloturistaren bertze edizio bat ospatuko dute Hondarribian larunbat honetan, urriaren 12an. 8:30ean abiatuko da tropela Hondarribiatik eta berriz ere herrira bueltatuko dira, Hendaia, Irun, Bera, Lesaka, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Lezotik pasatu ondotik. 

Patxi Vilaren oroimenezko martxa zikloturista ospatuko da aurten ere Hondarribia, urriaren 12an. Herrian hasi eta herrian bukatuko den ibilbidea eginen du tropelak eta bi luzerakoak egonen dira aukera: luzea eta motza. Luzeak 115 kilometro izanen ditu eta 2.283 metroko desnibela. Guztira, bortz mendate igango dituzte txirrindulariek bidean: Lizuniaga, Lizarrieta, Agiña, Aritxulegi eta Jaizkibel. Motzak berriz, 84 kilometro izanen ditu guztira eta 1.644 metroko desnibela. Bide hau aukeratzen duen tropelak Agiña, Aritxulegi eta Jaizkibel zeharkatuko ditu. 

Izen emateak itxita daude, atzo (irailaren 9an) bukatu baitzen epea eta antolatzaileek sare sozialetan iragarri dutenez, guztira 800 bat txirrindularik hartuko dute parte larunbateko ibilbidean. Tartean, tropel profesionalean ibiltzen diren eta ibili diren zenbait partehartzaile egonen dira, hala nola, Haimar Etxeberria edota Haimar Zubeldia. 

Aurten, berrikuntza moduan, ttikienentzako proba bat ere antolatu du Vila Birak. Egunean berean, 11:00etan Jostaldi frontoian, 12 urtetik beherako txirrindularientzat Vilabira Txikia antolatu dute eta bertan, kirol hau maite duten ttikiek aukera izanen dute zirkuitu itxi eta seguru batean bizikletaz gozatzeko.

Horrez gain, proba ez lehiakor honek Gipuzkoa Kirolak-en “Mujeres en Ruta” programarekin bat eginen du aurten ere.