Usurbilek ere ihes egin dio Hondarribia Eskubaloiari
HONDARRIBIA: Amundarain, Mateos, Etxebarria (1), Gomez (3), Arretxe, Vazquez (3), Rincón (5), Wamba (3), Sagarzazu (1), Jimenez (1), Tello, Romo (4), Amezketa.
USURBIL: Montes, Toledo, Izagirre (2), Orena (3), Holgado (1), Uli (1), Asia, Carracedo, Orena (1), Urkia (1), Beloki (2), Lizaso (4), Pagola (3), Alzaga, Bengoetxea (4).
MARKAGAILUA: 1-3, 4-3, 6-5, 6-7, 6-8, 8-10 (atsedenaldia); 11-13, 13-13, 16-15, 17-17, 18-20, 20-22.
Balentria ikusgarria beharko du Hondarribia Eskubaloiak Estatuko Lehen Mailan jarraitzeko. Itxaropena bizirik mantentzeko aukera izan du Hondartza kiroldegian. Baina Usurbil aurkari zuzenaren kontra galduta, zuloan are gehiago hondoratu da. Azken aurrena da Javi de la Hazaren taldea, eta sei puntu gehiago dituzte hurrengo bi taldeek. Neurketa bizia, estua eta lehiatua izan da Hondartzakoa. Kanpokoak indartsu irten dira kantxara, berdeek partida zaila izango zutela argi uzteko (0-3). Bost minutu behar izan ditu Hondarribiak lehen gola egiteko, baina defentsan estutzen hasi da, eta markagailuan aurrea hartzea lortu du hamargarrenerako (4-3). Lehen zatiaren bigarren erdian usurbildarrak izan dira nagusi. Bi goleko aldea lortu dute atsedenaldirako (8-10).
Aldagelatik bueltan, itxura txarra hartu du neurketak Hondarribiarentzat. Laugarren minutuan, txartel gorria ikusi du Gari Amundarain atezainak, eta hiruko abantaila hartu du Usurbilek zazpi metroko marratik. Kasta atera du orduan etxeko taldeak, sei minutuko tartean markagailua iraultzeko (14-13). Harmailako giroarekin batera, taldeak ere gora egin du. 17-15ekoa sartu du Iñigo Gomezek kontraerasoan. Baina Hondarribiak ez du partida hautsi, eta 22.minutuan berdintzea lortu du berriro Usurbilek. Epaileak Tellori txartel gorria erakutsi dio, eta Fernando Rincón protesta egiteagatik kanporatu du ondoren. Usurbilek norgehiagoka erabakitzeko baliatu du aukera. Minutu bakarra falta zenean hutsartea eskatu du “Viky” de la Hazak, berdinketa lortzeko helburuarekin. Hala ere, kanpokoak fin ibili dira azken jokaldietan, eta garrantzi ikaragarria duten bi puntu eskuratu dituzte.