Urtebete eskasean, hoberenen artean

2017/12/12
Urtebete eskasean, hoberenen artean

Estatuko oztopo lasterketa nagusietako podiumetan dabil Asier Landart

Urte eta erdi pasa da Bilboko Spartan Race lasterketan lehen aldiz parte hartu zuenetik. Aurreneko esperientzia izan zen, Asier Landartentzat (Irun, 1990), oztopo lasterketetan. 50.postuaren bueltan ibili zen orduan. Orain, 2016-2017 denboraldiari amaiera eman berri dio, podium eta garaipen sorta ederra bildu, eta Europako Txapelketan parte hartu eta gero. Progresio azkarra izan du, ezbairik gabe.

Atletismoan ibilia da Asier Landart. Pertika jauzian izan zen espezialista. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasketak egitera Gasteizera joan zenean, ordea, utzi egin zuen. Ez zuen entrenatzeko denbora askorik, eta futbolean ibili zen garai hartan, lagun artean, Behobia elkartean. Behobia-Donostia bat ere egin zuen, korrika. Urte batzuk pasata, Bilboko Spartan Race oztopo lasterketa iragartzen zuen kartel bat ikusi zuen, eta probatzea bururatu zitzaion.

Gehiegi entrenatu gabe egin zuen arren, ikaragarri gustatu zitzaion esperientzia. “Gehien erakarri nauena da lasterketa gehienak ingurune naturaletan egiten direla. Bestalde, korrika egiteaz gainera, kilometro erdi bakoitzeko oztopoak dituzu, eta horrek askoz dibertigarriagoa egiten du lasterketa”, argudiatu du Landartek: “Ziurgabetasun puntu bat du, ez dakizulako zer etorriko den. Horrek emozioa ematen dio, denbora guztian nekean eta sufrimenduan pentsatzea ekiditen du”.

Denetarik izaten da oztopoen artean: pisua kargatzea edo arrastatzea, oreka, zintzilikatzea, herrestatzea, igeri egitea etab. Kirol osoa da, beraz, arlo fisikoan. Baina gainera, memoria probak ere egon daitezkeela nabarmendu du Landartek: “Dortsalean kodigo bat jartzen dizute, gogoan hartu behar duzu, eta 6km-ren buruan, galdetu egiten dizuten. Asmatzen ez baldin baduzu, penalizazioa jasotzen duzu”. 5km-ko lasterketak dira laburrenak, eta 21ekoak, maratoi erdikoak, luzeenak.

Jaso duen formazioagatik, bere burua entrenatzeko “gaitasuna” duela uste du Landartek. Berak planifikatzen du prestaketa. Entrenatzeko konpainia bilatzen du, hala ere, gogorra baita bakarrik aritzea. Entrenamendu funtzionala egiteko, Anzaranen dagoen Nae Systemen aritu izan da, eta eskalada ere egin izan du, Area 51n. Orain, lan espezifikoa Hernaniko gimnasio batean aurrera eramaten du. Korrika egitera, Plaiaundira hurbiltzen da, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko lasterkariekin aritzera. “Erotuta nagoela esaten didate”, aitortu du, barrez.

Esperientzia gogorrak eduki ditu

Bilboko lehen lasterketaren ondoren, 2016ko irailean hasi zen gogor entrenatzen. Galdakaoko Eternal Running lasterketan podiumera igo zen, hirugarren tokian. Hortik aurrera, Espainiako Ligako lasterketetan parte hartzen hasi zen, Elite kategoria nagusian. Gehienetan, ez da podiumetik jaitsi. 2017ko ekainean, Bilboko Spartanera itzuli zen, eta bosgarren tokian geratu zen. Emaitza ona, lasterketaren maila handia kontuan hartuta. Horri esker, Europako eta Munduko Txapelketetarako txartelak eskuratu zituen. “Europakoa Andorran izan zen, beraz, parte hartzeko aukera izan nuen. Munduko Txapelketa, aldiz, Californian egin zuten, AEBetan. Hortaz, ahaztu behar izan nuen”.

Izan ere, Asier Landartek berak ordaintzen ditu izen-emateak eta bidaiak. Ez baitu babeslerik edo diru-laguntzarik. “Espainiako Ligan zazpigarren postuan nago, jendeak lasterketa gehiago egiten dituelako”, azaldu du. Europako Txapelketan parte hartu zuen, esan bezala, Andorran. “Esperientzia ederra” izan zela baieztatu badu ere, bertan behera utzi behar izan zuen lasterketa, ibilbidearen erdian. “Baldintzak oso gogorrak ziren. Grandvalira eski estazioan izan zen lasterketa, 2.500m-ko altueran, -2ºko tenperaturarekin. Maratoi erdia zen, gainera. Digeritze arazo bat eduki nuen, eta erretiratu behar izan nuen”.

Espainiako Txapelketan ere esperientzia txarra eduki zuen, azaroaren 12an, Badajozen. Lasai atera zen, eta jendea aurreratuz joan zen, 10.kilometroan, hiru falta zirela, hirugarren postuan kokatu zen arte. Oztopoetako batean, ordea, besoek aski zela esan zioten. “Suspentsio oztopo asko zeuden lasterketan zehar, eta horietako batean, besaurreak blokeatu zitzaizkidan. Hala ere, itxaroten egon nintzen, eta ordu bete beranduago, hantura arindu zitzaidanean, lasterketa bukatu nuen. Pena izan zen, baina pozik nago, eskura neukalako podiuma. Pixka bat gehiago entrenatzea falta zait”.

Podiumeko koska altuena ezagutzen du

Irabazten ere badaki Asier Landartek. Gogoan du bere lehen garaipena, Roman Race lasterketan, Cascanten (Nafarroa). “Hilabeteak neramatzan 2. eta 3. postuetan, baina ez nuen irabaztea lortzen. Pentsatzen hasia nengoen, ea ezin izango ote nuen inoiz irabazi. Lasterketa hura irabazi ahal izan nuen, eta ilusio ikaragarria egin zidan”. Bide horri eutsi nahi lioke hurrengo denboraldian. Aurten izan duen hobekuntza oinarri hartuta, baikorra da 2018 urterako. “Hoberenen artean nago, baina onena izan nahi nuke”, aitortu du.

Beste herrialde batzuetan aspaldi hedatua badago ere, estatuan duela hiruzpalau urte hasi ziren oztopoetako lasterketak ugaritzen, crossfit edo entrenamendu funtzionalaren eskutik. “Duela hiru urte bi lasterketa baino ez zeuden estatuan. Aurten 150 izan dira”, azaldu du Landartek. Hala ere, ez du uste moda kontua denik. “Eztanda betean gaude momentu honetan, baina uste dut geratzeko iritsi direla oztopo lasterketak”. Entrenamendu funtzionaletik datorren jendea izan da nagusi, orain arte, oztopo lasterketetan. Pixkanaka, mendi lasterketetatik datorren jendea nagusitzen ari da, hala ere. Asier Landartek, pertikak garai batean emandako bultzada baliatzen du.