Urteari amaiera txarra eman dio Real Unionek
REAL UNION: Otaño, Gorosabel, Urkizu, Martins (Ozkoidi, 46’), Aimar Sagastibeltza, Esnaola, Alain Eizmendi (Mujika, 68’), Mikel Alonso, Galán, Juan Domínguez, Hernáez.
NAVALCARNERO: Lejarraga, Manu, José Antonio, Catena, Jesús, Joya, Cifo (Stevens, 84’), Gonzalo (Joaquín, 25’), Adán, Nacho, Jago (Jaume 60’).
GOLAK: 0-1: Catena (43’); 0-2: Adán (55’); 0-3: Adán (73’); 1-3: Ozkoidi (83’).
EPAILEA: Baiges Dones. Txartel horiak: Alonso, Aimar, Galán (Real Union); Catena, José Antonio, Joaquín (Navalcarnero).
Beheraldi nabarmena jasan du Real Unionek azken hilabetean. Atzean gelditu da denboraldi hasierako sendotasuna, azken bi jardunaldietan, bereziki. San Sebastian de los Reyesen 3-0 galdu ondoren, 1-3koa jaso zuen igandean Galen, Navalcarneroren kontra. Lehen zatian txuribeltzak baloiaren jabe izan eta gero, Navalcarnerok gola sartu zuen atsedenaldiaren atarian, falta baten ondorengo aldaratzean.
Bigarren zatiko hamargarren minutua betetzerako, bigarrena lortu zuen Madrilgo taldeak, kontraerasoan. Hirugarrenarekin norgehiagoka erabaki zuen Navalcarnerok, eta Ozkoidiren golak markagailua apaintzeko besterik ez zuen balio izan. Play off postuetatik kanpo amaitu du urtea Real Unionek. Hilabete osoa egin du ligako partidarik irabazi gabe.