Urrun izan du Hondarribiak Urdaibai Espainiako Txapelketan

2015/08/02
Urrun izan du Hondarribiak Urdaibai Espainiako Txapelketan

Nagusitasunez irabazi du Bermeo-Urdaibaik Espainiako Txapelketa, Castro Urdialesen. Atzean utzi ditu podiuma osatu duten Orio eta Hondarribia, eta are gehiago Kaikuko Bizkaitarra. Itsasoko baldintzak ez dira erabakigarriak izan, ez behintzat larunbateko sailkapen estropadan bezain beste. Hala ere, diferentzia handiak izan dira lau ontzien artean. Denak euskaldunak izan dira, Astillero geratu baitzen kanpoan larunbateko sailkapenean.

Lehen luzean Ama Guadalupekoak hartu du estropadaren burua. Bigarren ziabogan, berriz, nabarmen aurretik sartu da Bou Bizkaia. Aldea erraz handitu dute hortik aurrera urdinek. Hitzordu zehatz eta garrantzitsuenetan lehiatzeko gaitasun handia erakutsi dute beste behin ere. Hamaika segundoko aldea lortu du Urdaibaik Oriorekiko, eta hogeita bostekoa Hondarribiarekiko. Hirugarren aldiz irabazi du traineru bizkaitarrak Espainiako Txapelketa.