Urrats handia eman du Hondarribiak Galizian
Ondo moldatu da aurten Ama Guadalupekoa ontzia Galiziako uretan. Malagan erakutsitako indarra berretsita amaitu zuen lehen bisita, uztaileko lehen asteburuan. Galiziako bigarrenean, San Miguel Liga irabazteko pauso handia eman du Hondarribiak. Larunbatean bigarren tokian amaitu du estropada, Meiran. Orio fin ibili da haizearen kontra, eta garaipen argia lortu du. Berdeek hurbiletik jarraitu dute San Nikolas ontzia, Urdaibaiko Bou Bizkaia atzean utzita. Puntu bat gehitu diote, beraz, sailkapeneko aldeari.
Igandean, denboraldiko zazpigarren bandera irabazi du Hondarribiak, Boiron. Mikel Orbañanos entrenatzaileak taldean aldaketa sorta egin duen arren, maila ikusgarria eman du Ama Guadalupekoak. Irteeratik hartu du estropadaren burua, eta aukerarik ez die eman aurkariei. Hamahiru segundoko abantaila lortu du Urdaibairekiko, eta hemezortzikoa Oriorekiko. Ohorezko Txandan erakutsitako nagusitasunaren erakusle izan da amaierako errenta. Hamahiru puntukoa da orain Hondarribiaren eta Urdaibairen arteko aldea sailkapen nagusian. Ondo bideratuta daukate bidasoarrek hirugarren San Miguel Liga.
Hondarribia Bk ere ekarri du bandera etxera
KAE2 ligan dabilen Hondarribia Bk beste bandera bat irabazi du larunbatean, oraingoan Bermeon. Castro bigarren izan da larunbatean. Igandean, aldiz, postuak trukatu dituzte. Castrok irabazi du bandera Mundakan, eta bigarren izan da Hondarribiko bigarren ontzia. Sailkapenean bi puntu daude Castro liderraren eta Hondarribia Bren artean.