URGARA TXINGUDIK ETA BIDASOA ATLETIKO TALDEAK INDARRAK BATU DITUZTE

2024/05/22
URGARA TXINGUDIK ETA BIDASOA ATLETIKO TALDEAK INDARRAK BATU DITUZTE

BATek administrazio lanetan eta komunikazio arloan lagunduko dio waterpoloko klubari

CD Waterpolo Urgara Txingudik eta Bidasoa Atletiko Taldeak elkarlanerako hitzarmen berri bat sinatu dute. Indarrak batuko dituzte bi klubek eta hemendik aitzinera, elkarrekin lan eginen dute helburu berekin. Waterpoloko klubak bere taldeak kudeatzen segituko du eta bere antolaketarako erabakiak hartzen, baina bide horretan, BATek administrazio lanetan eta komunikazioan lagunduko dio.

Ana Olazabal Waterpolo Urgara Txingudiko presidenteak azaldu duenez, Bidasoa Atletiko Taldeak euren klubean eginen duten lana “administraziokoa” izanen da, “marketing, komunikazio, joan-etorriak kudeatu eta kirola praktikatzeko beharrezkoa izanen den aholkularitza ematea”, hain zuzen ere. Edonola ere, Urgarak azken erabakia izanen du klubean, eta azken erabakiak hartzen segituko du. Lankidetza honekin lortuko dutena da “denbora gehiago edukitzea babesle berriak bilatzeko, waterpoloa sustatzen segitzeko eta bigarren plano batean gelditu diren gaiei beharrezko garrantzia emateko”, adierazi dutenez.

Hiru urteko ibilbidea du Urgarak eta azken hilabeteetan zuzendaritza taldea guttitzen joan da, Olazabalen eskuetan utziz lan gehiena. Presidenteak berak oroitarazi duenez, klubeko kide guztiak “bolondresak” dira eta gero eta jende guttiagoren konpromisoa nabaritu du. Bereziki kezkatzen zuen errelebo faltak eta horregatik beragatik, BATi galdegin zioten laguntza, “klubaren jarraikortasuna bermatzeko eta kudeaketa profesionala edukitzeko”.

Iban Muñoz Bidasoa Atletiko Taldeko ordezkariak “Urgarak luzatutako proposamena begi onez ikusi" zutela onartu du. Olazabalek azaldutako lan horietarako BATek pertsona bat kontratatu du, eurek formatu eta ondotik, Urgara klubaren kudeaketaz arduratuko dena. Sinatutako hitzarmenak “bi urteko baliotasuna” izanen du eta “2024ko uztailean” jarriko dute indarrean. Muñozek ere azpimarratu zuen geroz eta zailagoa dela jendearen konpromisoa edukitzea, batez ere lan bolondresa denean. Horregatik beragatik, prest azaldu ziren euren profesionaltasuna Urgararekin konpartitzeko eta bien artean kluba aitzinera eramateko.