Urdaibairen bolada eten du Hondarribiak
Indarberrituta amaitu du asteburua Hondarribia Arraun Elkarteak, azken hiru estropadetan Urdaibairen atzetik gelditu ondoren, bandera irabazi baitu Castro-Urdialesen. Larunbata gogorra izan zen berdeentzat, arerio nagusiak Hondarribiko Bandera irabazi baitzuen. Bou Bizkaia izan zen ontzirik azkarrena hondartzako estropada eremuan, eta zortzi segundoko abantaila atera zion Ama Guadalupekoari. Sailkapenean, berdinduta gelditu ziren. Gainera, Urdaibairen goranzko bideak kezkarako arrazoiak ematen zituen.
Igandean, ordea, arraunketa mailarik onena berreskuratu du Ama Guadalupekoak. CaixaBank bandera lortu du Hondarribiak Castro-Urdialesen, Urdaibairen kontrako lehia irabazi ondoren. Zazpi eta zortzi segundoko abantailak izan dituzte berdeek estropadan zehar. Amaieran, bost segundokoa izan da tartea. Bidasoarrek erakutsi dute ez daudela gainbeheran, ezta gutxiago ere. Bi asteburu gelditzen zaizkio San Miguel Ligari, lau estropada, eta puntu bakarreko aldea dago lehen bi sailkatuen artean.